Cejudo ez da ariko Real Madrilen aurka, herenegun txartel gorria atera baitzioten
Alvaro Cejudok egin zituen gorritxoen gauzarik onenak eta txarrenak Levanteren aurka. Getafen, atsedenaldia baino lehenago aldatu zuen Mendilibarrek, eta Cejudo bere balioa erakusteko asmoz zelairatu zen herenegun. Dotore jokatu zuen, eta berak sartu zuen lehen gola. Ospakizunean, ordea, elastikoa kendu zuen soinetik, eta epaileak txartel horia atera zion. Bigarren zatian larrutik ordaindu zuen hanka-sartzea, Barkerori egin zion sarrera baten ondorioz bigarren txartel horia atera baitzion epaileak. Zorionez, Osasunak irabazi egin zuen, baina partida amaieran Cejudoren jarrera ezin zuela ulertu esan zuen Mendilibarrek. Sasoi hasiera pattalaren ostean, bere burua aldarrikatu nahi izan zuen Cejudok, baina inozokeria horren erruz ez da ariko Real Madrilen aurka. Argi dago hori ez dela bere balioa aldarrikatzeko modurik egokiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu