Sylvain Chavanelek (Omega) irabazi du Paris-Nizako seigarren etapa, azkenaurrekoa, Nizan, esprintean. Gogorra izan da etapa, gorabeheratsua, baina multzo handi bat elkarrekin iritsi da azken metroetara, Sky taldea buruan zela. Esprinter handirik gabe, frantziarra izan da azkarrena, Philippe Gilberten (BMC) aurretik. Sailkapen nagusian Richie Portek (Sky) jarraitzen du lider; 32 segundora dago Andrew Talansky (Garmin), eta 41era Sylvain Chavanel. Bihar amaituko da itzulia, Col d'Ezeko 9,6 kilometroko kronoigoerarekin.
Tirreno-Adriatikoan, berriz, erakustaldi polita eman du Chris Froomek (Sky). Prati di Trivo mendatean amaitu da etapa, eta polita izan da amaiera. Behin Fredrik Kessiakoff (Astana), Anthony Roux (FDJ), Tomasz Marcynski (Vacansoleil) eta Francesco Failli (Vini Fantini) harrapatuta, Skyk hartu du tropeleko ardura. Azken igoeran Alberto Contador (Saxo) saiatu da bi eraso gogor jotzen, baina Skyk kontrolpean izan du espainiarra. Kilometro eta erdi falta zela jo du Froomek berak azken erasoa, eta bakar-bakarrik iritsi da helmugara. Michal Kwiatkowski (Omega) da orain lider, eta lau segundora kokatu da Froome.