Txapeldunen Ligako lehen ligaxka gaur bukatuko da E, F, G eta H multzoetan. Bost taldek etxeko lanak eginak dituzte dagoeneko, eta hiru dira erabakitzeke dauden final-zortzirenetarako txartelak. Bide horretan, Chelseak, Olympique Marseillak eta Portok dute abantaila, gaurko partidak irabaziz gero aurrera egingo baitute.
Chelseak eta Valentziak jardunaldiko partidarik erakargarriena jokatuko dute Londresen. Bayer Leverkusenek aurrera egitea ziurtatuta dauka E multzoan, eta Stamford Bridgen erabakiko da zein izango den beste taldea. Irabazten duenak aurrera egingo du. Hutsean berdinduz gero, Chelsea sailkatuko du, beti ere Bayerrek ez badu Genken aurka galtzen. Golak sartuta berdinduz gero, berriz, Valentzia sailkatuko da.
Marseilla da egun bigarren sailkatua F multzoan, eta, Dortmunden irabazten badu, aurrera egingo du. Ez da lan erraza, baina. Aurkariari dagokionez, lau golen errentarekin irabazi behar du, eta Arsenalek Olympiakosi irabaz diezaion itxaron. Ernesto Valverderen taldeak, bestalde, Arsenali irabazi egin behar dio, eta Marseillak irabaz ez dezala itxaron. Arsenal sailkatuta dago dagoeneko.
Apoel izan da lehen faseko ezustekoa, jada sailkatuta, eta Portok eta Zeinitek G multzoko beste txartela dute jokoan. Portok irabazi egin behar du; Zenitek, berriz, aski du berdintzea. Azkenik, H multzoan, dena dago erabakita: Bartzelona lehen sailkatua izango da, eta Milan, bigarrena.
Chelseak, Marseillak eta Portok beraien esku dute aurrera egitea
Txapeldunen Ligako lehen fasea gaur bukatuko da lau multzotan, eta hiru txartel erabakiko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu