Berezkoa du izaera lehiakorra Chelseak, eta Txapeldunen Ligan maizago azaleratzen zaio. Genetika kontua da, amore ez ematea eta aldeko emaitzak ondo kudeatzen jakitea. Horretarako ikuskizunari muzin egin behar badio ere. Uzkur antzean jokatu izan du azken urteetan, eta Txapeldunen Liga inoiz irabazi ez arren, urrun iritsi da gehienetan. Eta atzo, Stanford Bridgen, duela bi aste Lisboan gertatu bezala (0-1), Chelsea hori agertu zen. Benficari 2-1 irabazi zion, eta azken bost minutuetan ikaragarri sufritu arren, finalerdietarako sailkatu zen. Real Madrilek ere egin zuen aurrera, Apoel Nicosiari5-2 eroso irabazita.
Chelseak ez du sasoi gozoa izan. Ingalaterrako ligako tituluko borrokatik oso urrun dago, eta Txapeldunen Ligaren hasieran eginikoak ez ziren itxaropentsu egoteko modukoak. Vilas-Boas dotoreak, teknikari ohiak, ez zuen botoi egokia sakatzen asmatu. Roberto Di Matteok, aldiz, bai, eta litekeena etxea hobeto ezagutzeak lagundu izana. Laborategian murgildu eta azken urteetako DNA kate urdina topatu du: joko fisikoa, giharra erdi aldean eta eraginkortasuna. Bederatzi partida daramatza karguan eta zazpi irabazi ditu.
Benfica aurkakoa da, etabanakoa beranduegi lortu zuen atzo (86. min). Joko polit eta alaia egin zuen, erasokorra. Erdilari eta hegalekoek, baina, etxekoen harresiarekin egin zuen topo, eta gero, atzelariek, asko sufritu zuten kontraerasoetan. Emaitzari buelta ematera behartuta zegoen, baina presaka. Chelseak, gainera, laguna topatu zuen epailearengan. Javi Garciak zalantzazko penaltia egin zion Coleri (20. min), sorbaldarekin bultza eginda. Lampardek sartu zuen, Artur atezainak ia jaurtiketa gelditu arren.
Ordu erdian Benficako bost jokalarik txartel horia ikusia zuen, eta Pereira geroago egotzi zuten (40.min). Bigarren zatia oso bizi eta irekia izan zen, ikusgarria. Bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina Chelseak gehiago. Hala ere kanpokoek sartu zuten lehenbizi,Javi Garcia Osasunako jokalri ohiak (86. min), buruz, korner oso itxi batean. Benficak zuen baloia eta partidako azken minutuak penitentzia bilakatu ziren ikusle izutuentzat, Meirellesek, bakarrik kontraeraso batean, lasaitu zituen arte (92. min).
Tramitea Madrilen (3-1)
Real Madrilek gehiegi behartu gabe irabazi zion etxean Apoel Nicosiari (5-2). Espainiako taldeak hiru goleko errenta lortu zuen Zipren, eta partidak tramitea izan zen. Jose Mourinhok zuzentzen duen taldea titulua irabazteko hautagai nagusietakoa da, eta atzo, ordezko askorekin, ikuskizuna bilatu zuen. Finalerdiak hilaren 17an eta 18an hasiko dira: Bayern Munichek Real Madril hartuko du, eta Chelseak Bartzelona.
Chelsearen genetika da
Londresko taldeak 2-1 irabazi dio Benficari, eta Txapeldunen Ligako finalerdietan da, Real Madrilekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu