Bi ordu 32 minutu eta 43 segundoko denboran osatu du Ruth Chepngetich kenyarrak Dohako maratoia. Harena izan da denborarik onena, baina baita azken urteetako markarik txarrena ere. Ez da gutxiagorako. Izan ere, aurtengo Atletismoko Munduko Txapelketan tenperatura handiek baldintzatu dute kirolarien lana. Emakumezkoen maratoian, esaterako, 68 korrikalarietatik 25ek bertan behera utzi zuten proba amaitu baino lehen.
Atletismoko proba gehienak gauez ari dira egiten, eguneko ordurik beroenak saihestu ahal izateko. Baina, hala ere, baldintzak gogorrak dira. Maratoilariek 33 graduko tenperaturarekin eta %73ko hezetasunarekkin egin behar izan zuten lasterka.
Lasterketa hasi baino ordu batzuk lehenago zurrumurruak ere zabaldu ziren bertan behera utzi beharko ote zuten. Izan ere, proba egiteko ezarritako gehienezko tenperatura 28 gradukoa zen, eta hari hasiera eman ziotenean 29,5 markatzen zuten termometroek.
Baldintza gogorrei aurre egin eta zazpigarren kilometrorako nabarmen murriztua zen aurretik zihoan taldea. Sei lasterkarik soilik eutsi zieten lehen postuei eta horietatik hiruk bakarraik mantendu zuten Chepngetichen erritmoa hark lehen erasoa jo zuenean. Visiline Jepkesho kenyarrak eta Rose Chelimo aurreko txapeldunak eutsi zioten erasoari. Minutu batzuk geroago haiekin bat egin zuten Edna Kiplagat bitan munduko txapeldun izandakoa eta Elalia Johannes namibiarra.
Azken itzulian, baina, bigaren ihesaldiari ekin zion kenyarrak, garaipena bereganatuz. Bigarren postuan geratu da Chelimo bi ordu, 33 minutu eta 46 segundoko denborarekin, eta hirugarren Johannes bi ordu 34 minutu eta 15 segundoko denborarekin.