TXIRRINDULARITZA

Chloe Dygert, munduko txapeldun erlojupekoan

Txirrindulari estatubatuarrak erakustaldia eman du Yorkshiren. 1.32 atera dio Anna van der Breggeni, eta 1.52 Anemmiek van Vleuteni. Lourdes Oiarbide eginoarra 41. postuan sailkatu da, 7.52ra. 

2019ko irailaren 24a
18:46
Entzun

Dygertek ezusteko handia eman du, ez baitzegoen urrezko domina irabazteko hautagaien artean. Bi izen ageri ziren guztien gainetik: Van der Breggen eta Van Vleuten herbeheretarrenak. Bada, estatubatuarrak alde handia atera die biei, eta garaipen bikaina lortu du. Askoz atzerago sailkatu da Oiarbide. Txirrindulari arabarrak bazuen itxaropena lan ona egiteko, baina ezin izan du helburua bete. 

Elite mailako emakumezkoen erlojupekoaz gain, gizonezkoen 23 urtez azpikoa ere jokatu da gaur. Mikkel Bjerg danimarkarrak irabazi du hirugarrenez jarraian. Ian Garrison eta Brandon McNulty estatubatuarrak sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Bi euskal txirrindularik hartu dute parte: Imanol Elosegi bilbotarrak oso lan ona egin du, hamazazpigarren izan baita, irabazlearengandik 2.04ra; apalago aritu da Xabier Mikel Azparren irurtzundarra, 46. postuan sailkatu baita, lau minutura. Euripean jokatu da saio osoa, eta horren ondorioz, hainbat eroriko izan dira.

Asteazkenean elite mailako gizonezkoen erlojupekoa jokatuko dute, 54 kilometrokoa. Rohan Dennis australiarra —iazko txapelduna—, Victor Campenaerts flandriarra eta Primoz Roglic esloveniarra dira faboritoak. Jonathan Castroviejo getxoztarra ere ariko da. Castroviejo seigarren izan zen iaz, eta 2016an brontzezko domina eskuratu zuen. 14:20ean hasiko da lehia, eta Castroviejo 15:30ean abiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.