Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, 1983) Olinpiar Jokoetako brontzezko domina irabazi du ur bizietako K-1 mailako saioan. Hirugarren izan da, 106.87ko denborarekin, Emilie Fer irabazlearekiko 0.97ra. Zilarra Jessica Fox-ek eskuratu du, 0.61era.
Sailkatze saioetan erakutsitako ziurtasun bera erakutsi du finalean ere Chorrautek. Aterik ukitu gabe jaitsi da, garbi. Gustura zen proba amaitu berritan: "Egindako lan guztiaren ordaina da hau. Oso estu egon da, eta oso pozik nago". Natalia Paciertnik azken lehiakidea irten baino lehenago hirugarren zen, baina hark —finalerdietan denbora onena egin du— huts egin du.
Hamabost piraguista sailkatu ziren astelehenean gaurko finalerdietarako, eta hamabost horietatik hamar aritu dira finalean. Finalerdietan bigarren izan da Chourraut.
Sailkapena
1. Emilie Fer (Frantzia). 105.90
2. Jessica Fox (Australia). 0.61era
3. Maialen Chourraut (Espainia). 0.97ra
4. Stepanka Hilgertova (Txekia). 3.26ra
5. Jasmin Schornberg (Alemania). 5.07ra
6. Jana Dukatova (Eslovakia). 5.70era
7. Natalia Pacierpnik (Polonia). 9.18ra
8. Corinna Kuhnle (Austria). 13.40ra
9. Marta Kharitonova (Errusia). 15.01era
10. Hannah Craig (Irlanda). 21.46ra
Bilakaera aipagarria
Adituek diotenez, piraguista osoena da Chourraut. Teknikoki hobeak badira, indartsuagoak ere bai, baina inork ez du hark duen abilezia orekarik. Garapen polita izan du bere kirol bizitzan: Pekingo Olinpiar Jokoetan ez zuen finalerako sailkatzerik izan, baina 2009an brontzezko domina eskuratu zuen Munduko Txapelketan, eta zilarra 2011n. Aurten urte oparoa izan du, Cardiffeko eta Paueko munduko kopetan urrea lortu baitu. Bidea ez da erraza izan, baina; bi sorbaldetan ebakuntza egin zioten 2004 eta 2005ean, eta luze jardun behar izan zuen osatzeko.