Txirrindularitza

Cicconek irabazi du Pirazziren etapa

Bardianik erasora jo du Giroko 10. etapan, ihesaldian hiru txirrindulari sartuta, eta Giulio Cicconek eman dio errematea ustez Stefano Pirazziren aldeko apustua zenari. Bob Jungels (Etixx) jarri da lider. Mikel Landa (Sky) erretiratu egin da, gastroentiritisak jota.

Ciccone, helmugan. @GIRODITALIA
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 17a
17:20
Entzun

Kolpez jositako etapa izan da Italiako Giroko hamargarrena. Mikel Landaren (Sky) erretiroarekin hasi da, 66. kilometroan. Gastroentiritisak jota, ezinean gelditu da lehen mendatean bertan, eta zazpi minututik gorako galera pilatuta zeukala etsi du. Aurreko etapetako joerari segika, Tom Dumoulinen (Giant) ezina agertu da gero, eta denbora asko galdu du azkenerako. Eta ordurako ihesaldia osatuta zela, Stefano Pirazzik (Bardiano) Damiano Cunegori (Nippo-Vini Fantini) hamabost kilometro falta zirela jaitsiera batean emandako ukitua baliatu du Giulio Cicconek (Bardiani) erasoa jo eta etapa irabazteko. Pirazzi, Ciccone eta Cunego ihesean zihoazen, tropela hiru minututik gora zutela —beste hainbat txirrindulari zihoazen tartean—, eta bihurgune bateko ukitu hori erabakigarria izan da azkenean.

Faboritoen artean, berriz, Andrey Amadorrek (Movistar) erasoa jo du Pian del Falcon behera, eta liderraren maillota janzteko zorian egon da. Azken kilometroan ezerezean gelditu da, ordea, aldea. Gianluca Brambilla liderrak (Etixx) gogotik lan egin behar izan du Bob Jungels taldekidearen alde, eta, Brambilla lehertuta gelditu den arren, Jungels jarri da lider. Faborito nagusien artean ez da izan ia alderik. Modenan hasi eta Asolon amaitu, 11. etapa jokatuko dute bihar, 227 kilometrokoa. Igoera gogorrik gabe ere, gorabeheratsua da amaiera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.