Ciryl Despresek ozta-ozta jarraitzen du lider motoetan Dakar rallyan

Marc Comak irabazi du hirugarren etapa motoetan, eta hamalau segundora du orain lehen sailkatua

Erredakzioa
Donostia
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Tukuman eta Jujuy herrien artean jokatu zen atzo Dakar rallyko etapa, 3.a, eta motoetan zein autoetan lehia estua izan zen. Marc Coma kataluniarrak (KTM) irabazi zuen motoetan; urteko lehen garaipena du. Nahiko erraz nagusitu zen irabazlea, baina Ciryl Despres frantziarra ere (KTM), bigarren sailkatua, erne ibili zen. Izan ere, lidergoa galtzeko zorian egon zen, baina hamalau segundogatik lehen postuari eustea lortu zuen. Sailkapen nagusian hirugarren Paulo Goncalves da (BMW). Autoetan, berriz, Naser Al Attiya qatarkoa (Volkswagen) zihoan atzo lehen postuan hamabigarren kontrolgunean. Carlos Sainz espainiarra (Volkswagen) 1.05 minutura zeukan —lehen postuari eutsi zion une horretan—, eta Stephane Peterhansel frantziarra (BMW) 1.22 minutura.

Joan Barreda, etxera

Joan Barreda moto gidari espainiarrak (Aprilia), bestalde, ezin izan zion ekin hirugarren etapari, eta etxerako bidea hartu behar izan zuen, motorreko arazoak tarteko. Buruko min bat baino gehiago eman zion motorrak prestaketa lanetan, eta atzo ez zen garaiz heldu abiapuntura. Lehenengo Dakar rallyan oso zorte txarra izan du espainiarrak. Gaurko etapan, Txileko lurretan sartuko da lasterketa, eta 761 kilometro egin beharko dituzte gidariek, Jujuy eta Calama artean. Horietatik 207 kilometro erlojuaren aurkakoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.