Javier Clemente euskal selekzioaren entrenatzailea gustura dago hasi berria duen erronkarekin. Pozik dago euskal selekzioa entrenatzeko aukerarekin, eta azaldu du hura gidatu gabe erretiratu izan balitz "zerbait" falta izango zitzaiola. Atsekabe iturria zaio jaioterri duen Barakaldo ez entrenatu izana. "Gustatuko zitzaidan Barakaldo entrenatzeko aukera izatea, baina ez da posible izan".
Clementek 69 urte beteko ditu hilaren 12an. Hori dela eta, "ziurrenik" entrenatuko duen azken taldea izango da euskal selekzioa, adierazi duenez.
Hautatzailea hasia da euskal selekzioak maiatzaren 29an jokatuko duen partida prestatzen. Panama izango du aurkari, herrialdeko hiriburuko Rommel Fernandez zelaian. Clementek adierazi du selekziora dei ditzakeen jokalaririk "onenak" elkartu nahi dituela neurketa horretarako; baita atzerriko lehiaketetan ari direnak ere. Gaineratu du jokalariren batek selekzioari ezezkoa emango balio berak ez duela jakinaraziko jendaurrean, baina ez lukeela ulertuko euskal selekzioari ezetz esatea.
Clementeren aurkezpenean izan dira Mikel Etxarri —Jose Maria Amorrorturekin batera— euskal selekzioaren aurreko hautatzaile izan dena, Juan Luis Larrea Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia eta Manolo Delgado-Meco, Clemente Athleticeko entrenatzaile izan zen garaian talde zuri-gorriko prestatzaile fisikoa izandakoa.
Horiez gain, Roberto Zuñiga Panamaren Espainiako enbaxadako kidea ere izan da. Euskal jatorrikoa da. Zuñigak adierazi du "Panamako herriarentzat ohorea" dela euskal selekzioaren aurka aritzea. Zuñigak azaldu du Panamakorentzat zaleak agurtzeko neurketa izango dela, Urrezko Kopa jokatzera abiatu aurretik. Aurreratu du Julio Cesar Dely Valdes hautatzaileak herrialdeko jokalaririk onenak deituko dituela partidarako.