Clermont txapelduna jasota ekingo dio Miarritzek berriz ere Top 14ari

Lapurdiko taldeko entrenatzaileek hainbat aldaketa egin dituzte hasierako hamabostekoan

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bi partida eta bi garaipen. Ongi baino hobeki etorri zaio Miarritzeri Heineken kopako hamabostaldia. Europa begiz hartua du Jean Mixel Gonzalezek eta Jack Isaacek zuzendutako taldeak, eta gaur berriz Top 14ari ekin baino lehen, konfiantzaz lepo dabil.

Une onean etorriko da, beraz, iragan sasoiko txapelduna Agilerara (14:30). «Jokalariak oso motibatuta gaude Heineken kopako bi partiden ondotik. Ulsterren aurka lau entsegu sartzeko parada izan genuen, eta oso une onean heldu da Clermont», dio Benoit August Miarritzeko aztalkariak.

Parekotasuna da gaurko partida hobekien defini dezaken hitza. Miarritze Clermontetik puntu eskasera dago, 23 punturekin. Irabazita, sailkapenean gora egiteko aukera izanen du Lapurdiko taldeak. Clermontek, berriz, sasoi hasiera zaila izan du, iragan urteko titulua digeritu behar izan baitu. Miarritzera kolpe bat egiteko asmoz etorriko da. «Oraindik ez gara sasoi honetan bete-betean sartu. Miarritzen emaitza ona lortzea positiboa litzateke zinez denboraldian sartzeko eta iragan urteko martxa berriz hartzeko», dio Julien Pierre, Clermonteko eta Frantziako selekzioko bigarren lerroak.

Traille, kapitain

Miarritzen, Clermonten motibazioak dudarik egiten ez badu ere, atsedenerako premia sentitu da, eta batik bat gibelean aldaketa anitz izan dira. Erdiko bikote berria izanen da Gimenez eta Tranierekin. Gibelean eta hegaletan, Blashawek eta Haylett-Pettyk atseden izanen dute, Ulsterren aurka jasotako kolpe arinak sendatzeko. Boschek eta Bidabek hartuko dute haien lekua.

Aldaketa aipagarriena, baina, Trailleren itzulera izanen da. Denboraldi hasieratik taldetik kanpo egon da, eta irekitzaile postua hartuko du biarnesak. «Munduko Kopan irekitzaile gisa aritzeko helburua dut. Miarritze nirekin bat dator, eta saiatuko naiz postu horretan aritzen», zehaztudu Traillek. Sasoi honetan jokatuko duen estreinakoa partidan, taldeko kapitaina izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.