Inor gutxik espero zuen Cleveland Cavaliersek NBAko txapeldunek eskuratzen duten eraztuna bereganatzea, finaleko laugarren partidan Golden State Warriors 3-1 aurreratu zenean. Inoiz ez zuen inork 3-1eko aurkako emaitzarik irauli, baina balentria egin dute Clevelandekoek; finaleko zazpigarren partida behartu zuten, eta, azken partidan, 89-93 irabazi diote Golden State Warriorsi.
Bere burua saskibaloiaren zenbait mitoren pare jartzetik gertuago dago LeBron James bart goizaldeko garaipenaren ostean. Batez ere, hari esker da txapeldun Cleveland: 27 puntu saskiratu ditu, 11 errebote hartu eta 11 asistentzia eman. Finaleko jokalaririk onena izendatu dute.
Jamesek hirugarren eraztuna du, Clevelandekin lortutako aurrenekoa. Miami Heat-ekin irabazi zituen aurreneko biak. Kyrie Irving izan da Cavaliersen beste jokalari erabakigarria: 53 segundoren faltan saskiratu du hiruko bat, eta 89nako berdinketa apurtu. Guztira, 26 puntu lortu ditu.