San Antonio Spurs eta Los Angeles Clippers dira momentuko talde onenak NBAn. San Antoniorena ez da ezustekoa. Liga osoko talde onena da 36-6 balantzearekin, eta bart zazpigarren garaipena lortu zuen jarraian Toronto Raptorsen aurka (104-95). De Juan Blair eta Manu Ginobili izan ziren onenak, eta Texaskoek sei partidako aldea kentzen diote jada Mendebaldeko Konferentziako bigarrenari, Los Angeles Lakersi.
Lakers eta Dallasen artekoa izan zen, hain zuzen ere, jardunaldiko partida interesgarriena. Dallas bikain hasi zen, baina Caron Butlerren epe luzerako lesioak eta Dirk Nowitzkiren arazo fisikoek bolada txarrean murgildu zuten, sei partida galduz jarraian. Lakersen aurka, ordea, aintzat hartzeko moduko taldea direla erakutsi zuten, eta 109-100 menderatu Lakers. Shawn Marion eta Jason Terry izan ziren onenak, 22 punturekin bakoitza. Aulkitik kantxaratuta lortu zuten kopuru hori, gainera. Lakersen Pau Gasol kataluniarra izan zen onena, 23 puntu saskiratu eta bost errebote hartuta.
Lakersen bizilagun pobrea da, ordea, NBAko ezusteko protagonista, Los Angeles Clippers, alegia. Oso pattal ekin zion ligari, 5-20 balantzearekin, baina Blake Griffin rookie-a bereak eta bi egiten hasi denetik, ikaragarri hobetu du. 16-25 da bere marka orain, sei garaipen errenkadan lortu ostean. Minnesotaren aurka lortu zuen azkena (126-111), eta Griffinekin batera, Eric Gordon eskolta ari da bikain, partidako 23 puntu saskiratuta. Griffin apalxeago dabil, 21,5 puntu partidako, baina ia hamabi errebote eta hiru asistentzia gehitzen dizkio gauero bere jardunari. Ikusgarri.
Clippersek ezustea ematen segitzen du, eta seigarren garaipena lortu du
San Antonio NBAko sasoiko lehen sailkatuak bakarrik du Clippersek baino marka hobea: zazpi garaipen jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu