Coetzeeren azken agurra

Miarritzeko harroin hegoafrikarrak errugbia utzi behar izan du, 32 urte bete berritan, garuneko hiru kommozio jasan eta gero. «Erabaki gogorra» izan da, baina «onena» haren osasunerako.

Eduard Coetzee, lurrean, joan zen denboraldian Miarritzek Heineken kopan Glasgow Warriorsen aurka jokatutako partidan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Albisteak hautsak harrotu ditu. Eduard Coetzee Miarritzeko harroinak (Pretoria, Hegoafrika, 1979) errugbia utziko duela jakinarazi du, 32 urte bete berritan, eta 2013ra arte kontratua izanda. Arrazoia? Sasoi hasieratik garuneko hiru kommozio jasan dituelako. Lehena abuztuan izan zen, London Irishen aurkako lagunartekoan. Gero Tolosaren aurka, Top 14an, eta azkena Perpinyaren aurka, Top 14an berriro.

Oso epe motzean gisa horretako hiru kolpe jasotzea ez da afera txikia, are eta gehiago jakinez azkena bereziki gogorra izan zela. Coetzeeren kontaketari erreparatu besterik ez dago gertatutakoaren larritasunaz jabetzeko. «Ez nuen ezer gogoratzen. Gero irudiak ikusi nituen, eta esan zidatenez, bi minutuz gutxienez egon nintzen konorterik gabe». Irailaren 23an gertatu zen ezbehar hori, eta geroztik mediku artean ibili da. Hasieran, hiru hilabetez zelaietatik kanpo egongo zela iragarri zuten medikuek. Egunek aurrera egin ahala, baina, errealitateak gaina hartu du, eta Coetzeek errugbia utzi behar izan du.

«Hiru neurologo ikusi ditut. Nire esperantza errugbian jokatzen jarraitzea zen. Lehen medikuak hori debekatu nahi zidan. Azkenean, hiru hilabetez geldirik egoteko agindu zidan, baina trukean, tarte hori pasatuta, berriz ere azterketak egin beharko zizkidaten. Badaezpada ere, bigarren mediku bat ikusi nuen. Hark ere jokatzen jarraitzea debekatu zidan. Hirugarren medikuak diagnostiko bera egitean ulertu nuen hau bukatu zela».

Coetzee etsita dago, eta egun batzuk hartu arren albistearen berri emateko, begi bistakoa da kolpe handia jasan duela. Halere, ziur da erabaki onena hartu duela. «Hautu egiten utzi izan balidate, segur aski hautu txarra eginen nuen. Lehendabiziko gauza osasuna da. Errugbia joko bat da, azken finean, eta ez du merezi joko batengatik osasuna galtzea».

Buruak aitzina jarraitu nahi arren, gorputzak ezetz erran dio Coetzeeri, eta haren kontakizuna entzutean, argi dago beste aukerarik ez zuela. Perpinyaren partidatik hilabete eta erdi pasatu da, baina oraindik Coetzeek kommozioaren ondorioak jasaten ditu. «Gauetan zorabioak ditut, eta egunero medikazioa hartzen ari naiz». Horrela ezin da errugbian jokatzen jarraitu.

Kolpea handia da ere Miarritzerentzat, hegoafrikarra jokalari garrantzitsua zelako, zelaian eta aldagelan —Eugene Van Staden Coetzeeren herrikidea fitxatu du Miarritzek haren ordezko gisa—. Jokalariek astelehenean jakin zuten berria. «Ez da erraza izan. Serge Blancori dena kontatu nion bigarren espezialista ikusi ondotik, baina jokalariek ez zekiten deus. Taldekideei erran diet bizitza pribilegiatua dugula, eta une guztiak gozatzeko, egun batetik bestera dena buka daitekeelako».

Albisteak denak triste utzi ditu Miarritzen eta Baionan, Miarritzera etorri aurretik, bi sasoi egin baitzituen Coetzeek Baionan. Halere, Coetzeeren kasuak hainbat galdera airean uzten ditu. Hilabete eskas pasatu zen London Irishen aurka Coetzeek lehen kommozioa jasan zuenetik, Perpinyaren aurka hirugarrena jaso zuen arte. Alta, jakin behar da kommozio baten ondotik astebete-hamar eguneko tartea behar dela erabateko pausarekin, garunak kolpea barneratzeko. Ondotik, pixkanaka berriz has daiteke kirola egiten, hori bai, kontaktuak saihestuz. Gisa horretako ezbeharretan, gainera, epe laburrean kommozio gehiago izateko arriskua ere egon badago. Horiek horrela, nola liteke Coetzeek Tolosaren aurka bigarren kommozioa jaso eta zazpi egunera berriz jokatzea? AEBetako izotz-hockey ligak oso protokolo zurruna du, eta jokalari batek hilabete egin behar du jokatu gabe kommozio bat jasotzen badu. Bigarren kommozio baten ondotik, epea luzeagoa da.

Kontua ez da inori errurik botatzea, eta egia da Miarritze garai hartan presiopean zegoela. Munduko Kopa tarteko, jokalari anitz eskas zituen eta nekez ari zitekeen Coetzeegabe. Klubek haien interesak dituzte, eta auto erregulazioak nekez konpon ditzake jokalarien osasunari lotutako arazoak. Baina, Frantziako Errugbi Federazioak ez al du ardurarik? Ez al da bere lana horrelako kasuetan neurriak hartzea jokalarien osasuna babestuko duten arautegiak finkatuz?

Coetzeeren kasua ikusiz argi dago Perpinyaren aurka ez zuela zelaian egon behar. Gerta zitekeen partida jokatu eta arazorik ez ukatea, edo behar besteko atsedena hartu ondoren beste kommozio bat jaso eta errugbia uztea. Hala ere, azken kasu horretan arriskuak saihesteko guztia egin izanaren dudarik ez zen izanen. Ez da horrela gertatu Coetzeeren kasuan, eta errugbiari agur erran beste erremediorik ez du izan.

Hegoafrikarrak arrasto handia utziko du Euskal Herrian. Hegoafrikako Sharks taldean bost urte egin eta gero iritsi zen Baionara, 2006an. Xuri-urdinekin oso ondo aritu zen, eta Miarritzera joan zen 2008an. Ordutik aritu da Aguilerako taldean, eta lehen lerroko jokalari garrantzitsua bihurtu da. Hemendik aitzina, Miarritze laguntzen jarraitu nahi du. Euskal Herrian bizitzen jarraitu nahi du, eta egin ikasketekin lotura duten lanen bat topatu —enpresen kudeaketa eta kontabilitatea ikasi ditu—. Zelaian erakutsitako grina lan munduan erakusten badu, dudarik gabe oso ibilbide oparoa izanen du hemendik aitzina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.