Futbola

Colemanek urtarrilera arte behintzat Realean segituko du

Entrenatzaileak aste honen hasieran esan zuen utzi egingo lukeela gaurko zuzendaritzak jarraituko ez balu. Urtarrilaren 3an izango dira klubeko hauteskundeak, eta gaurko agintariak ez dira aurkeztuko.

2007ko azaroaren 15a
13:39
Entzun
Chris Coleman Realeko entrenatzaileak gaur Zubietan esan du urtarrilera bitartean behintzat, karguan segituko duela, baina gero ez dakiela segituko duen. Aste honetan Colemanek berak Daily Mail egunkarian idatzi du utzi egingo lukeela gaurko zuzendaritzak jarraituko ez balu klubean. "Lehendakaria eta kontseilariak joaten badira, ni ere bai. Haiek ekarri ninduten eta zorretan nago. Ez nintzateke gauza izango segitzeko. Ez naiz horrelakoa", idatzi du entrenatzaileak.

Urtarrilaren 3an izango dira Realeko hauteskundeak, gaurko zuzendaritzako kideak ez dira aurkeztuko, atzo jakin zenez -Maria De la Peña lehendakariak dimisioa eman zuen atzo-, baina Colemanek gaur ez du argitu zer egingo duen.

Reala denboraldi honetan Ligako hamabi partidatan zuzendu du: lau irabazi, lau berdindu, lau galdu. Hamasei puntu dituzte, eta sailkapenean hamahirugarren daude. Espainiako Kopan lehen kanporaketan galdu egin zuen.

Coleman galestarra da (Swansean jaioa da) eta 37 urte ditu. Denboraldi honetan fitxatu du Realak hura. Aurreko lau urtean Fulham Ingalaterrako Lehen Mailako taldea zuzentzen aritu zen, 2003ko apiriletik joan den apirilera. Ligako 176 partidatan zuzendu zuen: 61 irabazi zituen, 71 berdindu eta 44 galdu.

Lehenago Swansea City, Crystal Palace, Blackburn Rovers eta Fulham taldeetan jokatu zuen, baita Galesko selekzioan ere, John Toshack Realeko entrenatzaile ohiaren aginduetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.