Erabat ilun zegoena erabat argitu daiteke laster Alberto Contadorrentzat (Saxo Bank). Espainiako Txirrindularitza Federazioak gaur jakinaraziko du albistea, baina, Espainiako hainbat berri agentzik atzo kaleratu zutenez, Contador absolbitzearen aldekoa da Espainiako Txirrindularitza Federazioko Diziplina Batzordea. Urtarrilaren 26an, Saxo Bankeko txirrindulariari urtebeteko zigorra jartzeko proposamena egin zuen Espainiako Federazioak. Baina, ezuste handirik ezean, txirrindulariaren helegitea onartu, eta Contador absolbitzeko eskatuko du gaur Espainiako Federazioak.
Klenbuterola bere organismora «istripuz» iritsi zela, eta berak ez zuela «ez asmorik eta ez fede txarrik» eduki. Horixe da txirrindulariaren tesia. 2010eko irailaren 30ean positiboaren berri eman zutenetik eutsi dio Contadorrek tesi horri —50 pikogramo klenbuterolekin eman zuen positibo—, eta, baieztapen ofizialaren faltan, badirudi Federazioak onartu egingo duela txirrindulariaren argumentua. Federazioaren gaurko epaia espainiarraren aldekoa bada, Contador bihar bertan itzul daiteke lehiara, Algarveko Itzulian, Portugalen.
'Ovtxarov auzia' eta Zapatero
Hori bai, Espainiako Txirrindularitza Federazioak absoluzioaren alde egingo balu, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) hilabeteko epea edukiko lukete helegitea jartzeko —eta pentsatzekoa da helegitea jarriko luketela—. Kasu horretan, Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) emango luke behin betiko epaia, eta epai hori iritsi bitartean lehiatu ahal izango litzateke Contador. UCIk eta WADAk —edo bietako batek— helegitea jarri eta TASen azken epaia txirrindulariaren aldekoa balitz, zigorrik gabe amaituko litzateke Contador auzia. Zigorra jarriz gero, berriz, une horretatik aurrera hasiko litzateke betetzen.
Berri agentzien arabera, Espainiako Txirrindularitza Federazioko Diziplina Batzordea osatzen duten lau kideek Dmitri Ovtxarov mahai teniseko jokalariaren kasua hartu dute oinarritzat Contador zigorrik gabe uzteko. Alemaniarrak ere klenbuterolarekin eman zuen positibo —70 pikogramo klenbuterol antzeman zizkioten—, baina gerora frogatu ahal izan zuen elikagairen batekin kutsatuta iritsi zela klenbuterol kopuru hori bere organismora. Hori bai, Ovtxaroven abokatuak sarritan esan du bi kirolarien kasuek ez daukatela zerikusirik. Alemaniarraren kasuan, TASek ez zion helegiterik jarri Alemaniako Federazioak jokalaria absolbitzeko eman zuen azken epaiari.
2010eko irailaren 30ean Contadorren positiboaren berri eman zutenetik zalaparta handia sortu du kasuak. Nazio eztabaida sortu du Contador auziak, eta, horren erakusgarri, ostiralean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Twitter bidez adierazi zuen legez ez zegoela inolako arrazoirik txirrindularia zigortzeko. Antzeko adierazpenak egin zituen ondoren Mariano Raxoi PPko buruak. Espainiako Federazioak, ordea, gogor kritikatu zituen adierazpen horiek, eta iritzi horien aurrean lehiaketa batzordeak askatasunez lan egingo zuela ziurtatu zuen.
Contador absolbitzearen aldekoa da Espainiako Txirrindularitza Federazioa
Federazioak gaur emango du epaia, baina UCIk eta WADAk hilabeteko epea daukate TASen helegitea jartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu