Contador: «Caissera joatea erakargarria da, baina badaude aukera gehiago»

Tourreko irabazleak aitortu du Astanarekin duen kontratua eteten saiatuko dela, eta eskaintzak badituela

Erredakzioa
Donostia
2009ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Alberto Contadorrek (Astana) taldez aldatu nahi du. Iragan Tourreko zalaparta eta arazoek bere pazientzia mugara eraman zuten, eta Lance Armstrongek eta Johan Bruynellek Astana utzi badute ere, elastikoz aldatu nahi du. Hala aitortu zuen atzo eginiko adierazpenetan. «Astanan jarraitzen badut, kontratua eten ezin izan dudalako da. Ondo pentsaturiko erabakia da, eta taldez aldatu nahi dut».

Munduko txirrindularirik onenari ez zaio eskaintzarik falta, eta indar gehien hartu duen zurrumurrua da Caisse d'Epargnera joan daitekeela. Eusebio Unzue taldeko zuzendari nafarrak publikoki onartu du Contador fitxatu nahi duela. Txirrindulariak, baina, ez zuen argitu hori den lehen aukera. «Eskaintza oso erakargarria da, erakargarrienetakoa, baina ez da bakarra. Orain esatea, ordea, ez da erraza». Erabakitzea kostako zaio, eskaintzak «ugariak» direla aitortu baitzuen, baina «sendoak» ez hainbeste.

Caisseren eskaintzari buruz hitz egiten hasita, Tourreko irabazleak onartu zuen aldeko arrazoi bat dela Unzueren eskarmentua. «Esperientzia handiko zuzendaria da, eta taldeak badaki lider baten alde lan egiteko jarrera zein den. Kirol ikuspegitik oso interesgarria da». Era berean, Tourraz ere mintzatu zen, eta besteak beste Mikel Astarlorzaren positiboaz. «Ustekabea izan zen. Prentsaurrekoan sendo ikusi nuen; sinesgarritasuna eman behar zaio».

Hondo nagusi Portugalen

Danilo Hondok (Whirlpool) Portugalgo Itzuliko zazpigarren etapa irabazi zuen atzo, Sao Joao da Madeiran. Alemaniarrak esprintean irabazi zien Candido Barbosari (Palmeiras) eta Mauro Santambrogiori (Lampre). Hiru etapa menditsu ibilita, esprinterako etapa egokia zen atzo, eta txirrindulari azkardun taldeek bertan behera utzi zuten eguneko ihesaldia. Sailkapen nagusian, Nuno Ribeirok (Liberty) jarraitzen du buruan. Gaur, etapa lasaia izango dela dirudi, eta ez da aldaketarik espero, txirrindulariek indarrak gordeko baitituzte etzirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.