Txirrindularitza

Contador, maglia arrosarekin

Jan Polanc esloveniar gazteak (Lampre) irabazi du Italiako Giroko bosgarren etapa, eta Contador jarri da lider, Fabio Aru (Astana) eta Richie Porte (Sky) atzetik dituela.

Alberto Contador lider jarri da 5. etapan. LUCA ZENNARO, EFE
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 13a
17:26
Entzun

Harrigarri hasi da Italiako Giroa. Bost etapa besterik ez dira jokatu, eta Alberto Contador (Tinkoff) jarri da lider jada, Abetone bigarren mailako mendatean gora erasoa jota. Bezperan gertatu bezala, faboritoen artean Contador bera, Fabio Aru (Astana) eta Richie Porte (Sky) izan dira indartsuenak, eta elkarrekin helmugaratu dira hiru taldeburuak. Etapa, berriz, Jan Polancek (Lampre) irabazi du, bost txirrindulariko ihesaldian gogotik lan egin ondoren azken mendatean erasoa jota.

Bezperako suaren ondoren, etapa hastearekin batera joan dira ihesean Axel Domont (Ag2r), Serghei Tvetcov (Androni), Silvan Dillier (BMC), Sylvain Chavanel (IAM) eta Polanc bera. Orica atzean kontrol lanean zela, berehala lortu dute hamar minututik gorako aldea. Abetone bigarren mailako mendatea zain zutela, atzean Vini Fantini eta FDJ.fr hasi dira lanean lehenengo, eta Tinkoff eta Astana gero. 11 minutuko aldea laura murriztu dute kilometro gutxiko tartean, eta, Contadorren erasoarekin, tropela asko gerturatu da ihesaldiarengana. Baina aurrean lehiatu dute etapa, Polancen mesedetan.

Atzean, helmugara iristeko ia sei kilometro falta zirela jo du erasoa Contadorrek, eta triskantza eragin du berriz ere. Contador, Aru eta Porte elkarrekin zirela, Mikel Landa (Astana) iritsi da atzetik, eta arabarrak lan dotorea egin du taldeburuaren alde. Aruk hartu du lau segundoko gainsaria, eta Contador jarri da lider, Astanakoa bi segundora duela. Hogei segundora dago orain Porte. Hiruko horrengandik 28 segundora helmugaratu da Rigoberto Uran (Etixx).

Montecatini Terme eta Castiglione della Pescaia artean Giroko seigarren etapa jokatuko da bihar, 183 kilometrokoa. Pomarance laugarren mailako mendatea soilik igo beharko dute, 90. kilometroan, eta, ondo bidean, esprinta izango da amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.