Euskal Herriko Itzulia

Contadorrek irabazi du aurtengo itzulia ere

Erraz eskuratu du gaur Zallan 24 kilometroko erlojupekoa. Colonek bukatu du proban bigarren, Samuel Sanchezek hirugarren.

2009ko apirilaren 11
17:46
Entzun
Alberto Contador (26 urte, Espainia) Astana taldeko txirrindulariak ez du parekorik gaur egun tropelean, aurtengo Euskal Herriko Itzulian ere erakutsi duen bezala. Aise irabazi du itzulia, eta gaurko 24 erlojupekoa ere berak lortu du (Zalla-Zalla), erraz. Iaz ere hura izan zen probako garailea.

Gaurko saioaren aurretik -liderra bera zen asteazkenetik-, Cadel Evans, Samuel Sanchez eta Antonio Colon zortzi segundora zituen, 27ra Damiano Cunego dago, 32ra Robert Gesink, 35era Luis Leon Sanchez. Gaur hamabigarren kilometrora zegoen punturako irabazia zeukan itzulia: berak egin du denborarik onena, Colon 33ra zuen, Samuel Sanchez 45era, Cunego 1.11ra, Evans 1.13ra, Luis Leon Sanchez 1.15era.

Aldeari eutsi egin dio gero. Bukaeran 22 segundokoa kendu dio haietatik aurrenari izan denari: Coloni. Samuel Sanchez izan da etapan hirugarren, 45era. Sailkapen nagusian er hirurak aurrenak, orden berean (Contador garaile, Colon 30era, Samuel Sanchez 53ra).

Iaz ere Contadorrek, Euskal Herriko Itzuliaz gain, bi etapa eskuratu zituen. Baita aurten ere: Arraten asteazkenean -mendiko etapa- eta gaur -erlojupekoa-. 2005ean lortu zuen euskal itzuliko bere aurreneko etapa.

Palmares aparta

Denboraldi ona darama aurten: Algarvekoa ere irabazi du -eta etapa bat- eta Paris-Nizan bi etapa.

Iaz Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta eskuratu zituen, 2007an Frantziako Tourra -iaz ez zioten bere taldeari parte hartzen utzi-. Hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izan zen hala; aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan zuten.

Afizionatu garaian, 2001ean, Euskal Herrian bizi izan zen, Azpeitian, (Gipuzkoa), Iberdrola taldearekin korritzen zuelako. 2003tik da txirrindulari profesionala; ONCE-Eroskirekin egin zuen debuta. 2004an, Liberty Segurosen zela, Asturiasko Itzulian parte hartzen ari zela burmuinean kabernoma gaitza eduki zuen, eta urtebeteko osatzea behar izan zuen. 2006an itzuli zen korritzera, talde berarekin, eta bere izena Puerto dopin auzian ageri zen, baina ez inplikatu bezala; auzitegietara lekuko moduan joan zen eta kito. Hala ere, Liberty Seguros 2006ko Frantziako Tourretik kanpo geratu zen. 2007an Discovery Channel taldean aritu zen, eta iaztik Astanan da.

Aurten, itzuli handietan, Frantziakoan eta Espainiakoan ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.