Txirrindularitza

Contadorrek irabaziko du Frantziako Tourra

Gaurko erlojupekoan justu eutsi dio aldeari. Evansek 23 segundora bukatuko du =lsailkapen nagusian==http://www.letour.fr/2007/TDF/LIVE/fr/1900/classement/index.html=l eta Leipheimerrek 31ra hirugarren. Honek irabazi du gaurko proba. Zubeldiak bosgarren bukatuko itzulia eta Astarlozak bederatzigarren.

2007ko uztailaren 28a
18:05
Entzun
Alberto Contador-ek irabaziko du bihar aurtengo Frantziako Tourra, gaurko erlojupekoan sailkapenean gertuen zituenekiko aldeari eutsi egin diolako, justu samar bada ere; izan ere, azkenean Kadel Evansek 23 segundora bukatuko du sailkapen nagusian eta Levi Leipheimerrek 31ra hirugarren.

55,5 kilometroko erlojupekoa zeukaten gaur (19. etapa, Cognac-Angouleme), eta hortxe zen erabakitzekoa Tourra. Gaurko saioaren aurretik, Contadorrek 1.50eko aldea kentzen zion Evans bigarren sailkatuari eta 2.49koa Leipheimer hirugarrena (6.02koa Carlos Sastre laugarrenari). Nahikoa zela zirudien. Gainera, Tourreko aurreko erlojupeko luzean (54 kilometro), ez zuen denbora askorik galdu: Evansek 1.04 kendu zion, eta Contadorrek berak 19 segundo Leipheimerri.

Gaur Evansek 1.28 kendu dio eta Leipheimerrek 2.18. Azken honek irabazi du erlojupekoa, Evans bigarren izan da (50era), Vladimir Karpets hirugarren (1.56ra). Contador, bosgarren. Mikel Astarloza izan da lehen euskal txirrindularia: hamargarren, 2.50era.

Sailkapen nagusian, podiuma Contadorrek, Evansek eta Leipheimerrek osatzeaz gain, Sastre doa laugarren (7.08ra), Haimar Zubeldia bosgarren (8.17ra), Alejandro Valverde seigarren (11.37ra), Kim Kirchen zazpigarren (12.18ra), Iaroslav Popovitx zortzigarren (12.30era), Mikel Astarloza bederatzigarren (14.14ra), Oscar Pereiro hamargarren (14.25era). Iban Mayo 16. doa, 26.59ra.

24 urte ditu liderrak

Espainiarra da Contador (Pinto, Madril), eta 24 urte dauzka (abenduaren 6an egingo ditu 25). 1,77 metro da luze eta 59 kilo pisatzen ditu. 2003an egin zuen profesionaletan debuta. Aurrez, afizionatuetan, Iberdrola euskal taldean egon zen, eta mailako lehen urtean Azpeitian (Gipuzkoa) bizi izan zen, beste txirrindulari batzuekin. Andoni Aranaga azpeitiarra talde berean zen eta esaten du, “ume mokoa” zela hura, “baina ordurako nabarmentzen zen bizikletan”.

Espainiako txirrindulari batek azkeneko aldiz 1988an irabazi zuen Frantziako Tourra: 1988an, Pedro Delgadok.

Bihar korrituko dute itzuliko azkena etapa, 20.a: Marcoussis-Paris (146 kilometro). Arratsaldeko bost eta erdiak aldera bukatuko da.

Txurrukari borrokalaririk handienaren saria

Zubeldiak eta Astarlozak sailkapen ona lortzeaz gain, Euskaltel-Euskadik badu beste sari bat: Amets Txurrukari borrokalaririk handienaren saria eman dio Tourrak. Sailkapen nagusian 23. tokian bukatuko du Txurrukak, 49.24ra.

Euskaltel-Euskadik bosgarren amaituko du taldeen sailkapenean. Irabazle, Discovery Channel, Contadorren eta Leipheimerren taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.