Alberto Contadorrek (Saxo Bank) atzo iragarri zuen Espainiako Vueltako azkeneko astean ere erasoan segituko zuela, probako garaipena lortzeko asmoz. Gaur ere jo du erasoa, eta oraingoan ondo atera zaio, 17. etapa irabazi duelako —Fuente de bigarren mailako mendian— eta lidergoa ere eskuratu duelako.
Aurreko etapetan azkeneko mendatean jo du erasoa Contadorrek. Gaur ez; gaur helmugarako 50 kilometro falta zirela jo du, bigarren mailako mendate batean, eta Joaquim Rodriguez liderrak ezin izan dio jarraitu. Honek gaur arte 28 segundoko aldea kentzen zion, baina Fuente Den 2.38ra sartu da.
”Garaipen ederrak eskuratu izan ditut, baina gaur baino emozio handiagoa ia inoiz ez dut sentitu. Inork gutxi egingo zuen apustu nire alde, eta oso emozionatuta nago. Oraindik ez dut Vuelta irabazi, baina pauso handia eman bai”, esan du Contadorrek.
Alejandro Valverde sartu da bigarren helmugan, sei segundora. Denbora berean ailegatu da Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi), laugarren tokian.
Sailkapen nagusian Valverde dago bigarren orain, 1.52ra. Hirugarren Rodriguez, 2.28ra. Laugarren Chris Froome, 9.40ra. Lehen euskal txirrindularia Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) da: bederatzigarren, 13.49ra.
Bihar 18. etapa korrituko dute: Aguilar de Campoo-Valladolid, 204,5 kilometrokoa. Ez dute mendaterik izango. Igandean amaituko da Vuelta, Madrilen, eta aurreko egunean maila bereziko Bola del Mundo mendian bukatuko da etapa.