Espainiako Lehiaketa Batzordeak bihar jakinaraziko du Alberto Contador txirrindulariari (Espainia, 1982) iazko Frantziako Tourrean positibo emateagatik zigorra jarriko dion ala ez, eta elpais.es-ek argitaratu berri du Contadorrek ez duela zigorrik izango.
Lehiaketa Batzordearen erabakia hori bada, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) helegitea ipintzeko aukera izango du.
Astana taldeko txirrindulariak klenbuterolarekin eman zuen positibo 2010eko Tourrean, uztailaren 21ean egin zioten kontrolean -bigarren atseden egunean-. Irailean jakin zen albistea.
"Nire positiboa kutsatutako haragia jan izanaren ondorio argia da. Ezin dut onartu zigortzea". Contadorrek berak hitz horiekin defendatu zuen bere burua irailaren 30ean eman zuen prentsaurrekoan.
50 pikogramo klenbuterol antzeman zizkioten gernuan -0,00000000005 gramo miligramoko-. Oso-oso kopuru txikia da hori, Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren (WADA) laborategietan egiten diren kontroletan positibotzat jotzen den kopurua baino 400 aldiz txikiagoa. Horregatik agindu zuen UCIk ondorio argiagoak atera ahal izateko ikerketa zientifiko sakonagoak egiteko.
Contadorrek hiru Tour ditu irabaziak: 2007, 2009 eta 2010ekoak. 2008an Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta ere eskuratu zituen.
txirrindularitza
Contadorrek zigorrik ez duela jasoko zabaldu dute
Espainiako Lehiaketa Batzordeak bihar jakinaraziko du erabakia. Iazko Tourrean eman zuen positibo, oso-oso klenbuterol kopuru txikia atzemanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu