Contadorren absoluzioaren aurka helegitea jarriko du WADAk ere TASen

Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) azken epaia eman bitartean, Alberto Contadorrek lehiatu ahal izango du

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Espero zena gertatu da. Joan den astean Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) jarri zuen helegitea, eta herenegun iluntzean Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA). 2010eko uztailaren 21ean Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo eman zuen Alberto Contadorrek (Saxo Bank), baina bere azalpenak onartuta, Espainiako Txirrindularitza Federazioak txirrindularia absolbitzea erabaki zuen joan den otsailaren 15ean. Egun hartatik bertatik lehiatzeko eskubidea zeukan Contadorrek, eta hala egin du, eta UCIren eta WADAren helegiteen berri izanda ere, lehiatzen jarraitu ahal izango du.

Lau hilabeteko epea dauka TASek azken epaia emateko, nahiz eta auzitegiko presidenteak hala eskatuz gero, beste bi hilabete luza daiteke epe hori. Hala ere, joan den astean TASek azaldu zuen ekaina amaitu baino lehen saiatuko direla epaiaren berri ematen. Epaia txirrindulariaren aldekoa balitz, hortxe amaituko litzateke auzia. Eta epaia Contadorren aurkakoa balitz, tarte horretan lortutako garaipen guztiak kenduko lizkiokete. Joan den otsailaren 15etik jada bi itzuli irabazi ditu espainiarrak: Murtziako Itzulia eta Kataluniako Volta, eta hiru etapa ere eskuratu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.