Contadorren iritziz, UCIk ez du frogatu haragia ez zegoela kutsatuta

Txirrindulariaren abokatuek «zehaztasun falta» egotzi diote dopinaren aurkako agentziaren ikerketari

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Alberto Contadorren abokatuek ohar bidez adierazi dutenez, UCIk Espainiako Txirrindularitza Federazioari bidalitako txostenak «ez du frogatzen elikagai intoxikaziorik egon ez denik». Txostena Espainiako El Pais egunkariak egin zuen publiko atzo, eta, haren arabera, «Dopinaren Aurkako Munduko Agentziako (WADA) ikertzaileek»aztertu dituzte Contadorren lagunak txirrindulariak jandako haragia erosi zuen Irungo harategia eta azpizunaren jatorrizko hiltegia, eta ez dute klenbuterol arrastorik aurkitu. Contadorren abokatuek, baina, «zehaztasun falta» egotzi diote WADAren ikerketari: «Ikertzaileen lana harategian bertako haragiak osasun berme guztiak betetzen dituen galdetzea izan da, espero daitekeen erantzuna jasoz, eta hornitzailea zein den, informazio hori egiaztatu gabe ontzat emanez. Eta berdin jokatu dute hornitzaileekin».

WADAren txostena Europako Batasunak 2008an eginiko ikerketa batean oinarritzen da, non eginiko 300.000 haragi analisietatik bakarrean aurkitu ziren klonbuterol zantzuak. Era berean, eta WADAren arabera, xerra bakarrarekin Contadorrek emaniko klenbuterol tasa lortzeko, animaliak hil aurreko azken astean jaso beharko zukeen debekaturiko sustantzia dosia, eta jarduera hori ez da batere ohikoa. Klenbuterola ganadua loditzeko erabiltzen den sustantzia bat da, eta, WADAren arabera, «tranpa egiten duten abeltzainek» inoiz ez dituzte azken dosia eman eta hogei egun baino lehenago sakrifikatzen, «bi arrazoirengatik, ikerketetan zantzurik ager ez dadin, eta loditzeko adina denbora izateko».

Contadorren abokatuek, baina, datu horien inguruko xehetasun gehiago eman dituzte: «UCIren txostenak ontzat ematen du informazio ofiziala, eta, horren arabera, Europako Batasuneko nazio bakoitzak sakrifikaturiko abelburuen %0,4 bakarrik aztertzera behartuta dago». Abokatuek aurki aurkeztuko dizkiote helegiteak eta ikerketak Espainiako Federazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.