Edozein lekutan eta edozein modutan irabazteko kapaza da Magnus Cort (Education). Horren erakusgarri dira Vuelta honetan lortu dituen bi garaipenak: ihesean eta maldan gora lortu zuen bata, eta esprintean bestea, gaur Kordoban amaitu den etapan. Danimarkarrak etekina atera dio UAE eta Bike Exchange taldeek ihesaldiak ezerezteko egindako ahaleginari. Asko zor dio Jens Keukeleire taldekideari ere, esprinta maisuki bideratu baitio. Danimarkarrak ez du hutsik egin, eta Andrea Baglioliren (Deceuninck) eta Michael Matthewsen (Bike Exchange) aurretik sartu da helmugan. Gainera, Odd Christian Eikingek (Wanty) lidergoari eutsi dio beste egun batez.
Bi mendate zeuden azken 60 kilometroetan, hirugarren mailakoa bata, eta bigarren mailakoa bestea. Faboritoek ez dute erasorik egin, baina eroriko batek alarmak piztu ditu: kaltetuen artean zeuden Primoz Roglic (Jumbo) eta Adam Yates (Ineos). 54 kilometro gelditzen ziren oraindik, eta arazorik gabe egin dute bat tropelarekin.
Hasieran, zortzi txirrindularik egin diote desafio multzo nagusiari, eta segidan, maila handiko saiakera egin dute Giulio Cicconek (Trek), Jay Vinek (Alpecin), Romain Bardetek (DSM) eta Sergio Henaok (Qhubeka). Oso estu hartu dute tropela, eta azken kilometroraino eutsi diote sokatirari. Bike Exchangek indar betean jardun behar izan du jazarpenean. Bazeraman Matthews esprinterantz, eta, halako batean, suziria bezala atera da Keukeleire, gero Cortek ginga jar zezan. Danimarkarra Vuelta honetan bi garaipen lortu dituen bosgarren ziklista bihurtu da. Guztira, bost etapa ditu irabaziak lasterketa espainiarrean: bi 2016an, bat iaz, eta beste bi aurten.
203 kilometroko etapa laua jokatuko da bihar. Fabio Jakobsen (Deceuninck) izango da faboritoa, betiere esprintean erabakitzen bada.