Urtarrilean egin zuen ofizial Athleticek Cristian Ganearen fitxaketa, baina gaur arte ez du aurkeztu. 26 urteko jokalariak hiru denboraldirako fitxatu du talde zuri-gorriarekin, hitzarmena beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. 40 milioi euroko etete klausula izango du.
Errumanian jaiotakoa da Ganea, baina 11 urtez bizi izan zen Basaurin (Bizkaia), eta haren familia han bizi da oraindik. Euskadiko selekzioan ere jokatutakoa da. Horregatik argi utzi du bere ametsa Athleticen jokatzea zela. "Ikasteko nago hemen, hobetzeko eta taldeari laguntzeko. Sekulako ilusioa dut, eta entrenatzen hasteko irrikan nago".
Urrutiak ongietorria egin zion Ganeari, eta argi utzi nahi izan zuen hura fitxatuta, Athleticek ez duela filosofia aldatu. "Bizkaiarekin oso lotura estua du Ganeak. Mundua aldatzen ari da, eta naturala da Ganeak Athleticen jokatzeko aukera izatea".