Cristiano Ronaldoren lehen taldea

Maritimo Madeirako talde nagusiaren itzalean bizi izan da Nacional, baina orain haren gainetik dago. Iragan sasoian laugarren izan zen Ligan.

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Talde apala da Madeirako Nacional. Portugalgo irlako talde nagusia Maritimo Funchal da. 260.000 biztanle bizi dira han. Jarraitzaile gehien eta lorpen garrantzitsuenak dituen taldea da. Baina, egun, nor baino nor ari da lehiatzen Portugalgo Ligan Nacional. Irlako talde txikia bosgarren da, Lisboako Sportingekin berdinduta -11 puntu lortu ditu zazpi jardunalditan, Sporting Braga liderrak baino hamar gutxiago-. Haren atzetik dago Maritimo, zazpigarren postuan, zortzi punturekin.

Ez dauka meritu makala Manuel Machadok zuzentzen duen taldeak. Joan den denboraldian egindako lan bikainaren ondorioak jasan ditu hasiberri den sasoian. Jokalari garrantzitsu askok taldea utzi dute kirolari gisa zein arlo ekonomikoan hazteko esperantzarekin: Nene, Alonso eta Maicon, besteak beste.

Izan ere, 3.000 bazkide dituen talde apala da Nacional. 5.000 lagun sartzen dira Choupana futbol zelaiko harmailetan, eta ia sekula ez da betetzen. Beraz, antz txikia du etxean 40.000 lagunen aurrean jokatu eta berandu baino lehen 53.000 jarraitzailerentzako futbol zelaia egin gura duen talde batekin.

Hala ere, ez da aurkaria gutxiestea komeni. Aditu gehienentzat Athleticen aurkari nagusia izango baita Nacional multzoko bigarren postua lortu eta final-hamaseirenetarako sailkatzeko -ia ziurra da Werder Bremen izango dela lehen sailkatua-.

Micael, Luis Alberto, Edgar...

Athleticen eta Nacionalen artean arlo ekomonikoan dagoen aldea ez da horren esanguratsua kirola arloan. Portugalgo taldeak puntu bakarra lortu du orain arte ligaxkan -bana berdindu zuen Vienan-, baina partidaz partida hobetzen ari da. Manuel Machadoren taldearen oinarria talde lana da. Baina gainerako talde guztietan gertatzen den legez, jokalari batzuk beste batzuen gainetik nabarmentzen dira. Euretako bat Ruben Micael erdilaria da. Taldearen jokoa antolatzeaz gain, golak sartzeko gaitasuna duela ere erakutsi du. Europako Ligan hiru gol sartu ditu Madeirako jokalari gazteak. Taldeko beste izarrak Luis Alberto erdilaria, Felipe Lopez atzelaria eta Edgar aurrelaria dira. Azken hori jokalari handia (1,90 metro da luze) eta indartsua da. Europako Ligan ez du oraindik golik sartu, baina Portugalgo Ligan taldeak sartu dituen zazpi goletatik lau egin ditu. Beraz, Athleticek badaki zeintzu diren Nacionalen arma nagusiak.

Gaurtik aurrera Cristiano Ronaldoren lehen taldea baino zeozer gehiagorengatik izango da ezaguna Nacional zale zuri-gorrientzat. Berez Andorinhan hasi zuen kirol ibilbidea Real Madrileko jokalariak, baina bi denboraldiz Nacionalen jokatu ostean Ronaldok Lisboako Sportingekin sinatu zuen, 25.000 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.