Txirrindularitza

Cummingsen atzetik aurrerakoa

Romain Bardet (Ag2r) eta Thibaut Pinot (FDJ.fr) azken kilometroan elkarri begira zirela, atzetik iritsi eta garaipen handia lortu du britainiarrak. Chris Froomek (Sky) sufritu egin du Nairo Quintanaren (Movistar) erasoekin.

jarraia113077.jpg
unai zubeldia
2015eko uztailaren 18a
10:39
Entzun

Ihesaldia eta faboritoen arteko lehia. Beste behin ere, bitan banatu da Tourra, 14. etapan. Hogei txirrindulariko ihesaldia sortu da aurrean, eta Croix Neuve gogorrean gora zatitu da taldea. Romain Bardet (Ag2r) izan da indartsuena igoeran, baina mendiko pankartapera bidean atzetik iritsi da Thibaut Pinot (FDJ.fr), eta bi frantziarrak elkarrekin iritsi dira azken kilometrora —aldapa behera—. Elkarri begira geratu dira, ordea, eta Steven Cummingsek (MTN) lapurtu die garaipena.

Atzean, berriz, mugitu egin da Nairo Quintana (Movistar) eta ezinean geratu da Chris Froome (Sky). Vincenzo Nibali (Astana) eta Alejandro Valverde ere (Movistar) britainiarra atzean utzita ibili dira, baina Tourreko liderrak hainbestean konpondu du egoera, azken esprintean Quintanari berari buruz burukoa irabazita. Alpeetara begira, ordea, dezenteko konfiantza izango du orain Quintanak. Tejay Van Garderen (BMC) izan da galtzaile nagusia, Froomengandik 40 segundora helmugaratuta. Sailkapen nagusian, Froome dago lider, 3.10era dago Quintana, 3.32ra Van Garderen eta 4.02ra Valverde.

Mende eta Valence artean, 15. etapa jokatuko da bihar, 183 kilometrokoa. Ihesaldiaren baimenarekin, esprinta izan daiteke amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.