Bihar bukatuko da Euskal Herriko Itzulia eta, ohi bezala, garailea zein izango den erabaki gabe dago oraindik. Alberto Contadorrek segitzen du lider, zortzi segundoko aldearekin beste faboritoekiko. Orio-Orio 20 kilometroko erlojupekoa izango da bihar.
Gaur Damiano Cunegok irabazi du itzuliko bosgarren etapa: Gasteiz-Orio (162 kilometro). Probako mendaterik pikoena zuten Aian, baina honek ez du ezer erabaki; besteak beste, motza delako (1,8 kilometro) eta helmugarako hamasei kilometro falta zirelako.
Aurretik, hainbat ihesaldiren ostean, Egoi Martinez eta Bernhard Khol bakarrik geratu dira, eta bi minutuko aldea zeukaten Alkizako gainean.
Ondoren zuten, baina, Aiako mendatea. %12tik gorako pendiza du igoerak bere osotasunean, eta %16ko edota %22ko hormak badauzka. Herrira iritsi baino lehenagokoa da aldapa gogorrena: %27ko pendiza du. Txirrindularitza batzuek bizikletatik jaitsi behar izan dute igotzeko.
Han goitik Joaquim Rodrigues eta Contador pasatu dira lehendabizi, eta beherakoan Frank Schleck, Kadel Evans, Thomas Dekker eta Cunego elkartu zaizkie. Gero beste batzuk.
Azkeneko kilometroan dozena bat ziklista zihoazen aurretik, elkarrekin, baina 300 bat metro falta zirela erorikoa izan da, eta Cunego eta Contador bakarrik heldu dira helmugara. Cunego nagusitu da esprintean. Epaileek, baina, erorikoagatik atzera geratu direnei bi haien denbora bera eman diete: Thomas Dekkerri, Mikel Astarlozari, Frank Schlecki, David Herrerori...
Txirrindularitza / Euskal Herriko Itzulia
Cunego irabazle gaur Orion
Bihar erabakiko da Euskal Herriko Itzulia. Contadorrek segitzen du lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu