Bazuen itxaropena urtebeteko etenaldiak mesede egingo ziola; Berlin ez zela Daegu. Baina ez. Orain bi urte Alemaniako hiriburuan jokatutako Munduko Txapelketan gertatu bezala, Jelena Isinbaieva podiumetik kanpo geratu zen atzo. Berlinen azkena izan zen, langa behin ere gainditu ezinik. Daegun, ordea, gai izan da langa gainditzeko, baina ez nahikoa urrezko domina irabazteko. Ez urrezkoa, ez zilarrezkoa, ezta brontzezkoa ere. Seigarren postuarekin konformatu behar izan du, 4,65 metroko markarekin.
Lehengo bera zela sinetsita, errusiarrak betiko estrategia erabili zuen: azkena izan zen lanean hasten. 4,65 metrokoan hasi zen. Jauzi bakar bat eta kito. Aurrera. Ondo ikusi zuen bere burua. Horregatik uko egin zion 4,70 metrokoari. 4,75 metrokoa zuen zain. Lehen jauzian, kale. Halere, konfiantzaz zen. Ez zuen altuera horretan beste ahaleginik egin nahi izan. 4,80 metrokoan egin beharko zuen zirt edo zart. Beste garai batean, ia txistuka gaindituko zuen altuera hori. Baina Isinbaieva ez da lehengoa. Jada ez du hain gora hegan egiten. Atzo erakutsi zuen, 4,80 metrokoan egindako bi ahaleginetan huts eginda.
Errusiarra, pattal, eta aurkariak, indartsu. Bost jauzilarik hartu zioten aurre. Azkenean, Fabiana Murer brasildarrarentzat izan zen urrezko domina, 4,85 metroko markarekin. Martina Strutz alemaniarra (4,80) eta Svetlana Feofanova errusiarra (4,75) sailkatu ziren haren atzetik.
Orain bi urte, Munduko Txapelketan kale egin eta hamar egun eskasera, Isinbaievak 27. aldiz hobetu zuen munduko marka Zurichen (Suitza). 5,06 metrotan jarri zuen langa. Ez harritu errusiarrak aurten antzeko zerbait egitea. Hori bai, ezustekoa litzateke. Badirudi Isinbaievak jada bere onena eman duela.
James, Rudisha, Zaripova...
Murerren garaipena ez zen izan eguneko ezusteko bakarra. 400 metrokoan, Kirani James grenadarrak LaShawn Merritt estatubatuarrari, munduko eta olinpiar txapeldunari, hartu zion aurre. Merrittek indartsu hasi zuen lasterketa, eta lehen postuan iritsi zen azken zuzengunera. Azken metroetan, baina, Jamesek aurreratu egin zuen, eta hiru ehuneneko eskasengandik nagusitu zen.18 urteko atleta lasterketa guztiak irabazita iritsi zen Daegura, baina inoiz ez zen lehiatu Merrittekin. Baina estatubatuarra ereez da aurkari izan Jamesentzat. Kevin Borlee belgikarra, Europako txapelduna, helmugaratu zen hirugarren postuan.
Eguneko beste lau finalei dagokienez, 800 metrokoan David Rudisha kenyarra nahierara aritu zen, eta 22 urterekin lehen urrezko domina irabazi zuen maila nagusiko Munduko Txapelketa batean. Abukaker Kaki sudandarra eta Juri Borzakovski errusiarra izan ziren bigarren eta hirugarren. Disko jaurtiketan ere faboritoak irabazi zuen, orain bi urteko berak, Robert Harting alemaniarrak, hain zuzen ere. Heptatloian eta 3.000 metroko hesidunean, berriz, Errusiako atletentzat izan ziren urrezko dominak: Tatiana Txernova eta Julia Zaripovarentzat. Txernovak ondo baliatu zuen Jessica Ennis britainiarrak xabalinan egindako hutsa —39,95 metroko marka eskasa egin zuen—. Zaripovak, berriz, erakustaldia eman zuen.
Daegun, Berlinen bezala
Orain bi urte gertatu bezala, Jelena Isinbaieva podiumetik kanpo geratu da Munduko Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu