Euroliga. A multzoa: Caja Laboral Baskonia. Fenerbahce Ulker 66. Caja L. Baskonia 69

Dakitenei eman baloia

Partida garrantzitsua irabazita ekin dio Baskoniak Euroligari; Prigioniren gidaritza eta Teletovicen puntuak, erabakigarriakDotore jokatu dute defentsan, eta 46 puntu bakarrik egin dizkiete azken hiru laurdenetan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Fenerbahce. Ukic (10), Onan (16), Gist (10), Predzlic (2) eta Vidmar (6) -hasierako bostekoa-; Peker (2), Jerrells (8), Savas (5), Sefolosha (7) eta Bogdanovic

Baskonia. Heurtel, Oleson (4), Nemanja Bjelica, Teletovic (23) eta Milko Bkelica (12) -hasierako bostekoa-; Prigioni (5), Ribas (2), Seraphin (10), San Emeterio (6) eta Williams (&).

Markagailua laurdenka. 20-12, 36-34 (atsedena); 48-53, 66-69.

Epailea. Lamonica, Jovcic eta Fousis. Kanporatuak: Fenerbahceko Savas (39. min.)

Bestelakoak. 6.000 lagun.

Saskibaloiak aldagai asko ditu, partida baten bilakaera goitik behera alda dezaketenak, baina botika ona izaten da normalean baloia dakitenei ematea. Taldeak, Baskonia osoak lortu zuen garaipena, sufritzeko prestu agertu zelako, baina Turkiako arrakastak bi izen propio izan zituen: Pablo Prigioni eta Mirza Teletovic. Argentinarraren gidaritza funtsezkoa izan zen, eta Heurtelen biguntasunari erremedio ezin hobea eman. Teletovic kapitainak denerako erantzuna bilatu zuen. James Gist parekoa erotu zuen, eta saskipean bikain jokatu. Ez zuen berekoikeriaz jokatu, eta 23 puntu lortuta bukatu zuen norgehiagoka. 21 puntuko balorazioa lortu zuten Prigionik eta Teletovicek, eta biek desorekatu zuten balantza, taldekideen aldikako laguntza onarekin, noski. Milko Bjelicak saskiarekin zeukan haserrea bukatutzat eman zuen, eta ondo bukatu zuen blokeoa eta jarraipena. Prigionik eginak eman zizkion hiruzpalau saskiratze, baina horiek ere sartu egin behar dira. Bjelicak 12 puntu lortu zituen, eta aulkian atseden hartzen egon zenean ere oso lan txukuna egin zuen haren ordezkoak, Kevin Seraphinek. Faltekin arazoak izan zituen frantziarrak, baina 15 minutu eskasetan 10 puntu eta sei errebote lortu zituen. Saskia gupida gabe txikitu zuen, eta Fenerbahceko Gasper Vidmar aho bete hortz utzi zuen jarri zion txapel ikusgarriarekin.

Gauza on asko eduki zituen Istanbulen aritu zen Baskoniak, baina zer hobetu franko ere badu. Thomas Heurtelek, adibidez. Ivanovicek frantziarra hasierako bostekoan kantxaratu zuen, baina ez zuen asko iraun. Roko Ukicek erotu egin zuen bizkarreko jokoan, bere bi metro eskasak baliatuz, eta erasoa antolatzerakoan ere galduta ibili zen. Ukicek zortzi puntu lortu zituen, eta lehen laurdena bukatuta, zortzi punturen aldea eman bere taldeari: 20-12 Feberbahceren alde.

Laurden hori bukatu baino lehen sartu zen kantxan Prigioni, eta partida zeharo aldatu zen. Zerutik infernura pasatu zen. Prigionik Ukic estutu zuen, eta taldeari behar zuen tenplea eman. Blokeoa eta jarraipena egiten hasi zen, eta jokaldiak pibotak bukatzen ez zituztenean, beti lortzen zen jaurtiketa garbiren bat. Milko Bjelica eta Seraphinen minutu onak izan ziren, eta Teletovicen erakustaldia. Bosniarrak 13 puntu lortu zituen lehen laurdenean, baina lanean jarraitu zuen: erreboteak, asistentziak, txapelak...

Berdindu egin zen kontua. Lau punturen aldea ere eduki zuen Baskoniak, 22-26, baina Gistek saskiratze on pare bat lortu zuen Teletovicen zaintza epela baliatuz. 36-34 bukatu zen bigarren laurdena, baina joera aldatu egin zen ordurako. 20 punturaino joan zen Fenerbahce lehen hamar minutukoan, baina 16 eskasetan geratu zen bigarrenean. Prigionik lau baloi berreskuratu zituen bigarren laurden horretan, eta taldekideak kutsatu zituen defentsa on horrekin.

Zazpi punturen aldea

Bigarren erdia ederra izan zen. Defentsa zorrotzak, eta saskiratzeak lortzeko borroka itzela. Sefoloshak hiruko bat sartu zuen lehen laurdenean, baina Teletovicek bost punturekin erantzun zion Oklahomako jokalariari. Ez zen bakarra izan. Reggie Williamsek ere minutu onak jokatu zituen, lau puntu eta asistentzia on bat Seraphini, eta partida Gasteiz aldera begiratzen hasi zen: 45-48 eta 47-51, Prigionik hiruko ikusgarri bat sartuta.

Teletovicek biko bat saskiratuta hasi zen azken laurdena. 48-55 aurreratu zen. Spahijak bere azken baliabidea erabili beste erremediorik ez zuen eduki, Jerrells estatubatuarra, baina oso ondo atera zitzaion apustua. Joko antolatzaileak bi hiruko sartu zituen errenkadan, eta Gisten bikoak aurretik jarri zituen turkiarrak: 58-57. Bost minutu, eta tentsioa. Bjelicak lau puntu on sartu zituen, eta Teletovicek hirugarren hirukoa. Onanek, aldiz, ez zuen asmatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.