FRANTZIAKO TOURRA

Danbor hotsak Pirinioetan

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal zalea zirrara gosez dago; Iker Floresen eta Iñigo Landaluzeren saioek garaipen grina hori piztu dute, baina ez da nahikoa. Orain harrizko erraldoien garaia iritsi da, errepidea gorantz hasten den unean iristen da txapeldunen eta tropelaren arteko galbahea. Aurreko urteetan Belokiren eta Armstrongen arteko gerrak eta Iban Mayoren erasoek piztu zuten errepide bazterreko marea laranjaren itxaropena.

Aurten Igorrekoak estutu beharko ditu maldetako estratak beteko dituzten 150.000 zaleen bihotzak.Mayo erasotzera behartuta dago; berak esan zuen: «Hurrengo helburua etapa irabaztea da», eta, horretarako, ez dago Pirinioetakoa baino leku egokiagorik. Aurrean Armstrong, Ullrich, Heras eta tropeleko izen handiak izango ditu, baina Pirinioetako epaileak beste batzuk izango dira: bi epaile, bi etapa. Biak ala biak maldaz eta gainez josirik; zaleen eta txirrindularien buruan bi izen dabiltza: La Mongieko eta Plateau de Beilleko gainak, ikurrinez estalirik esnatuko diren mailaz kanpoko bi erraldoi.

Castelsarrassin etaLa Mongieko gaina uztartuko dituen biharko etapak ezohiko ibilbidea dauka.Etapako lehen 150 kilometroetan txirrindulariek ez baitute gainik pasatu beharko. Eguneko zailtasun guztiak azken 50 kilometroetan biltzen dira, bertan daude etapako bi gainak: Aspin eta La Mongie. Azken hori oso ezaguna da eskiatzaileen artean, Pirinioetako eski pista hoberena dela diote, eta Tourmeleteko igoeraren erdibidean dago. Duela bi urte Tourreko parte-hartzaileek La Mongie igo behar izan zuten, eta orduko hartan eta azken urteotan ohikoa bihurtu den legez Lance Armstrong izan zen etapako garailea. Bigarren Joseba Belokigasteiztarra izan zen, taldeburuari lan zikin guztia egin zion Roberto Herasen aurretik.

Larunbatean, gogorrago

Biharko etapak lehengalbahea egingo badu, larunbatekoa tarteak irekitzeko aproposa da. Lannemmezanen eta Plateau de Beillen arteko ibilbidea txirrindularitzazaleek maite dituzten horietakoa da. Larunbatekoa aurtengo Tourreko etapa gogorrenetarikoa izango da, bai luzerarengatik guztira 205 kilometro, bai pasatu beharreko gainengatik. Guztira zazpi mendate igaro beharko dituzte txirrindulariek: bi hirugarren mailakoak, bi bigarren mailakoak, bi lehen mailakoak (La Core eta Agnes) eta azkena, Plateau de Beille, mailaz kanpoko hamasei kilometro luzeko erraldoia.Eguneko ibilbidea erasoak egiteko leku egokia bihurtzen du gain kate horrek, etengabeko gorabeherek zaildu egingobaitute egon daitezkeen erasoak kontrolatu ahal izatea.

Duela bi urte Tourra Plateau de Beiletik ere igaro zen. Orduko hartan berriro ereArmstrongek indar erakustaldia egin zuen, eta Tourra irabazteko nahiarekin bueltatu zela erakutsi zuen. Orduan Austingo txapeldunak minutu bat eta lau segundo atera zizkion Joseba Belokiri.Halaber, 2002. urtean ere Pirinioak Alpeen aurretik pasatu zituzten, aurten bezala. Horretaz gain, larunbateko etapan Portet de Aspet gainetik pasatu beharko dute. Gain horrek ez dio oroitzapen onik ekartzen tropelari, 1995. urtean bertan hil baitzen Fabio Casartelli txirrindulari italiar gaztea.

Oro har, etapagogorra da, baina azkenaurreko mendatearen eta Plateau de Belleko igoeraren artean dagoen 34 kilometroko ordeka dago, eta baliteke hor tropela berriz biltzea. Zati horretan, azken igoeraren ateetan, txirrindulariek indarrak biltzeko parada ezin hobea izango dute.

Ibilbidea hor dago, eta, adituek esan dutenez, bi etapa horien gogortasuna ez omen da nahikoa izango txirrindulari garrantzitsuenartean tarte handirik ireki ahal izateko. Gainera, Lance Armstrongek errepide horietan 2002. urtean emaniko bi erakustaldiek eskalatzaile askoren zangoak gogor ditzake. Bitartean, euskaldunek azken urteotan Pirinioen eta euskal zaleen artean sorturiko mistika berezi horri eutsi beharko diote. Inork ez baitu ahaztu Roberto Laisekak Luz Ardidenen lorturiko etapa garaipena eta Euskaltel taldeak iaz agertutako nagusitasuna.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.