Danel Elezkanok 22-18 galdu zuen atzo, Bilbon, profesional mailako debutean. Zaratamoko 18 urteko aurrelariak itxura ona eman zuen, eta 15-19 aurreratu zen Ibai Zabalaren alboan. Azken txanpan, baina, Ezkurdiak eta Peñagarikanok gora egin, eta buelta eman zioten partidari. Aurrelari gaztea ez zen ezkutatu debutean, eta oraindik ikasteko asko duen arren, errematean eta kokapenean ibili zen hobekien.
Bilboko torneoa jaialdiko bigarren partidan hasi zen: Olaizola II.ak eta Beginok 22-18 irabazi zieten Xala eta Zubietari, A multzoko lehen partidan. Etxarriko atzelariak agindu zuen hasieran (5-12), baina hortik aurrera Olaizola II.a bikain aritu zen errematean, eta Xala ernegatu zuen. B multzoa gaur hasiko da (17:00, ETB1): Titin III.a-Merino II.a, Bengoetxea VI.a-Apraizen aurka.
Bestalde, herenegun gauean, Berasaluze VIII.ak eta Zubietak 22-10 irabazi zieten Martinez de Irujo eta Albisuri Donostia Hiria torneoko finalean. Hasiera orekatua izan zen (12-8), baina irabazleak gehiago izan ziren aurrean zein atzean, eta eroso bukatu zuten partida. Irujo ez zen fin ibili, eta Albisuk sei huts egin zituen. Donostiakoa Zubietak udan irabazi duen bigarren torneoa da.
Danel Elezkanok itxura ona emanda galdu du debuteko partidan (22-18)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu