Joaquim Rodriguezen (Katuxa) laguntzari esker, Dani Navarro haren taldekidea gailendu zen Burgosko Itzuliko laugarren etapan, atzo, Cluniako mendi kaskoan(Espainia). Azken kilometroko igoera gogorrean, Rodriguezek erritmoa aldatu zuen, eta kidearentzat lan eginez, garaipena eskura utzi zion Navarrori. Itzulia gaur bukatuko da, eta Rodriguez dago buruan, David Lopez (Movistar) barakaldarrarekiko zazpi segundoren aldearekin.
Etapako lehen kilometroetan osatu zen eguneko ihesaldia.Martias (Europcar), Bizkarra (Orbea), Orengo (Burgos 2016) eta Cabellok (Andaluzia) ia zazpi minuturen aldea izan zuten. Tropelean, baina, Katuxa taldeak uneoro zituen kontrolpean. Kilometroak aurrera joan ahala, tropela iheslariengana hurbiltzen joan zen. Française des Jeux eta Caja Rural taldeak ere lanean hasi ziren iheslariak harrapatu nahian.
Iheslariak harrapatu ondoren, Frantziako taldeak jarri zuen erritmoa tropelean, baina helmugarako 17 kilometro falta zirenean erorketa izan zen tropelean. Bertan, Sergio Pardilla (Movistar) bigarren sailkatuak jasan zuen kalterik handiena. Erorketak tropela bi taldetan banatu zuen. Lehen taldean, Katuxak jarri zuen erritmo bizia, etapa irabazteko asmoz. Bigarren taldea minutuko atzerapenarekin iritsi zen helmugara, Pardillari garaipenerako aukera guztiak kenduz.
Itzulia gaur amaituko da, mendiko etapa batekin. 155 kilometroko etapan, bost mendate igo beharko dituzte, eta azkena Lagunas de Neila ezaguna izango da, maila bereziko mendatea. Rodriguezek zazpi segundoren aldeari eutsi behar dio; halere, zaila dirudi errenta galtzea.
Euskaltel-Euskadi taldeak atzo aurreratu zuen Espainiako itzulian ariko diren txirrindularien aurreneko hautaketa, eta ez du Mikel Astarloza sartu. Hamarreko zerrenda horretan, txirrindulari bat kanpoan utzi beharko du itzulia hasi aurretik.
Saganek irabazi du Polonian
Peter Saganek (Liquigas) irabazi du Poloniako Itzulia, Daniel Martinekiko (Garmin) bost segundoren aldearekin. Itzulia atzo bukatu zen, eta Marcel Kittelek (Skil-Shimano) laugarren etapa irabazi zuen esprintean Krakoviako zirkuituan. Sagan bigarren izan zen helmugan, eta gainsariei esker irabazi zuen itzulia.
Dani Morenok irabazi du Burgosko Itzuliko laugarren etapa
Joaquim Rodriguezek lidergoan jarraitzen du, eta gaur erabakiko da itzuliko garailea, etapa menditsu batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu