Txirrindularitza

Dani Navarrok iskin egin dio kontrol lanari

Cofidiseko espainiarrak garaipen polita lortu du Cabarcenoko parkean, bi kilometro falta zirela erasoa jo, faboritoen arteko kontrol lana baliatu, eta bakar-bakarrik helmugaratuta. Alberto Contadorrek (Tinkoff) jarraitzen du lider.

Espainiako Vueltako 13. etapako irudi bat. JAVIER LIZON, EFE
unai zubeldia
2014ko irailaren 5a
17:40
Entzun

Espainiako Vuelta zeukan begiz jota Dani Navarrok (Cofidis). Sailkapen nagusia lehiatzea du erronka, eta txukun ari da. Baina nagusia bakarrik ez, etapa bat ere kendu dio jada denboraldiko hiru asteko azken itzuliari. Cabarcenoko parkera bidean, bi kilometro eskas falta zirela erasoa jo, eta bakar-bakarrik helmugaratu da espainiarra, Dani Moreno (Katuxa) eta Wilko Keldermani (Belkin) aurrea hartuta. Hamahiru txirrindulariko ihesaldia gorpuztu da aurretik, baina Oricak lehenengo eta FDJ.fr-k gero, gogotik lan egin dute ahalegina ezerezean uzteko, eta helmugara iristeko hamahiru kilometro falta zirela harrapatu dute azken txirrindularia, Alexei Lutsenko (Astana).

Faborito nagusietako inork ez du hartu gainsaririk, eta sailkapen nagusian Alberto Contadorrek (Tinkoff) jarraitzen du lider. Santanderren hasi eta La Camperonan amaitu, hamalaugarren etapa jokatuko da bihar, 200,8 kilometrokoa. Bigarren mailako mendate bat, eta lehen mailako bi igo beharko dituzte, azkena helmugara bidean. Hiru kilometro besterik ez dauzka La Camperonak, baina %13,1eko batez besteko aldapa dauka, eta %24ko zati bat ere bai tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.