Txirrindularitza

Daniel Martin izan da nagusi Bretainiako Harresian

Daniel Martinek (UAE) azken kilometroan egindako erritmo aldaketa ezin izan du inork jarraitu eta bakarrik helmugaratu da. Mikel Landa izan da euskaldunik onena 16. postuan (3ra). Tom Dumoulin (Sunweb) eta Romain Bardetek (Ag2r) denbora galdu dute. Greg van Avermaetek mailot horiari eutsi dio.

2018ko uztailaren 12a
18:42
Entzun

Espero bezala, Bretainiako Harresian erabaki da Tourreko seigarren etapa. Azken kilometroan jo du eraso bortitza Daniel Martinek eta inor ez da haren gurpila jarraitzeko gai izan. Atzetik Pierre Latour (Ag2r) eta Alejandro Valverde (Movistar) izan ditu. Txirrindulariek muinora egin duten lehen igoeran ez da ezer pasa tropelean; kontrol lana eta zuhurtzia nagusi. Gaina harrapatuta Jack Bauerrek (Mitchelton) egin du inora ailegatu ez den ahalegina. Goitik beherakoan, Tom Dumoulinek gurpila aldatu behar izan du eta ez du tropelera itzultzeko denborarik izan. Taldekideen laguntzaz, Daniel Martinekiko 53 segundora helmugaratu da. Romain Bardetek ere arazo mekanikoak izan ditu eta Tony Gallopin taldekidearen bizikleta hartu behar izan du. 31 segundora helmugaratu da. Sky bikain kokatuta sartu da azken bi kilometroetara. Igoeraren hasiera gogorrean egon diren erasoekin ez da tarterik zabaldu. Richie Porte ahalegindu da. Tropel buruan Omar Fraile (Astana) ere agertu da. Daniel Martinek eraso bakarra jo du, indartsu eta une egokian. Azken kilometroa bakarrik egin du. Adam Yates (Mitchelton), Pierre Latour eta Geraint Thomas (Sky) saiatu dira zuloa ixten, baina alferrik. Chris Froomek Martinekiko 8 segundo galdu ditu.

Helmugarako 100 kilometro falta zirela haize babesak izan dira tropelean. Batez ere, Quick-Step eta BMC taldeek gogor jo dute tropel buruan. Atzean, bigarren multzo batean gelditu dira, besteak beste Mikel Landa (Movistar) Nairo Quintana (Movistar) eta Vincenzo Nibali (Bahrain). Hala ere, laster itxi dute zuloa. Gehiago kosta zaio Primoz Roglici (LottoNL-Jumbo) tropelarekin bat egitea. Roglic are atzerago zegoen. Egoera baretuta, denek bat egin dute.

Eguneko ihesaldiak ez du zorterik izan gaurkoan. Izan ere, tropeleko urduritasun eta abiaduraren ondorioz azkar murriztu da aldea. Tourreko lau talde gonbidatuek izan dute presentzia ihesaldian. Bost ausartak hauek izan dira: Laurent Pichon (Fortuneo-Samsic), Damien Gaudin eta Fabien Grellier (Direct Energie), Anthony Turgis (Cofidis) eta Dion Smith (Wanty-Groupe Gobert).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.