ESPAINIAKO VUELTA

Daniele Rattok irabazi du La Gallina mendatean, eguneko ihesaldia borobilduta

Vincenzo Nibali lasterketako liderrak eta Chris Horner bigarren sailkatuak beste faboritoak atzeratu dituzte, helmugatik lau kilometrora erasoa jota. Ivan Basso eta Luis Leon Sanchez erretiratu egin dira, hipotermiak jota.

Igor Susaeta.
2013ko irailaren 7a
17:57
Entzun

Izan ere, bost gradu besterik ez zituen egiten eta haizeak gogor astintzen zuen Envalira gainean, 2.400 metro pasatxora. Eguneko ihesaldian jarraitzen zutenak pasatu dira buruan handik: Luis Leon Sanchez, Philippe Gilbert (BMC) eta Ratto (Cannondale). Faboritoen tropelak bederatzi bat minutuko atzerapena zeukan.

20 kilometroko jaitsiera dauka mendateak, eta txirrindulariek izugarri sufritu dute hotzaren eraginez. Hartara, Ratto 23 urteko italiarra bakarrik geratu da aurrean, eta buruan igaro ditu Ordino eta Comella gainak. Ordinon faboritoen tropeltxoko gurpila galdu du Valverdek, eta ez jaitsieran eta ez La Gallinan gora ezin izan du bat egin aurrekoekin.

Azkeneko kilometroetan erritmo gogorra jarri du aldapa gora Robert Kiserlovski Hornerren taldekideak, eta gutxi batzuek baino ezin izan diote eutsi. Lau kilometroren faltan bere taldeburuak, Hornerrek, jotako erasoari Nibali liderrak soilik erantzun ahal izan dio. Egin dute tartea, baina helmugan aldeak ez dira handiak izan. 18 segundo galdu ditu Joaquim Rodriguezek (Katuxa), 26 Samuel Sanchezek (Euskaltel) eta apur bat gehiago, 50, Valverdek.

Bihar Pirinoetako bigarren saioa, Vueltako 15.a, jokatuko da Andorra eta Peyragudes (1.605 metro) artean. 225 kilometrotan Canto (1.706 metro), Bonaigua (2.090 metro) eta Bales (1.770 metro) lehen mailako mendateak gainditu beharko dituzte txirrindulariek, azkeneko igoerari ekin aurretik.

SAILKAPENAK

14. ETAPA

1. Daniele Ratto (Cannondale) 4.24.00

2. Vincenzo Nibali (Astana) 3.53ra

3. Chris Horner (RadioShack) 3.55era

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 4.11ra

5. Samuel Sanchez (Euskaltel) 4.19ra

9. Mikel Landa (Euskaltel) 5.17ra

NAGUSIA

1.Vincenzo Nibali (Astana) 53.56.49

2. Chris Horner (RadioShack) 50era.

3. Alejandro Valverde (Movistar) 1.42ra

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa)  2.57ra

5. Domenico Pozzovivo (Ag2r) 3.43ra

14. Mikel Nieve (Euskaltel) 11.50era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.