Meaga gainetik hiru aldiz pasa ostean, bigarren mailako Garate igo dute, Getaritik. Garate gainera denak batera abiatu dira, baina laster luzatu da pelotoia. Ricardo Serranok (Kaiku) eraso egin du gogor, katea atera zaio, baina, hala ere berehala sartu du berriz, eta aurrean jarraitu du. Ahaleginak egin baditu ere, tropelak ez dio utzi urruntzen.
Amaieran, faborito gehienak batera joan dira, eta esprintean erabaki da. 3:10:52ko denbora behar izan du Di Lukak gaurko ibilbidea egiteko.
Euskal Herriko Itzuliaren 45. ekitaldia gaur hasi da Zarautzen. Pro-Tour Ligako 20 taldeak eta Kontinental mailako Kaikuk, Comunitat Valencianak eta Relaxek hartuko dute parte. Sei etapatan 744,3 kilometroegin ondoren, ostiralean amaituko da itzulia, Oñatin. Orekatua da ibilbidea, baina erlojupekoak igoerak baino erabakigarriagoak izan daitezke.
Asteazkeneko eta osteguneko etapak esprintarekin bukatuko dira, itxuraz (Gasteizen eta Altsasun bukatuko dira, hurrenez hurren), baina beste laurak ez. Ez talde handi baten esprintean. Lehenengo etapak Flandesko Tourra du giltzarri. Han ibilitako asko neka-neka eginda iristen dira Euskal Herrira, gauean edo goizaldean, eta horien artean proba irabazteko faboritoren bat badago, beste faboritoek, edo haien taldeak, gogortu egingo dute lehen etapa, eta baten batek itzulia gal dezake. Normalean, faborito gehienek batera helmugaratu behar lukete Zarautzen, baina Garate nahiko gaiztoa da Getariatik. Gainetik zazpi kilometro daude helmugara, denak beherantz, baina azken bostak pedalei eragin beharrekoak.
Oñatik du itzuliko giltza. Bi etapetan, baina batez ere arratsaldeko erlojupekoan. Goizekoa etapa urduria izango da, laburra oso, 93 kilometrokoa, baina arriskutsua. Aztiria eta Asentzio tenteak igoko ditu tropelak, Oñatira heldu eta Arantzazuko santutegiko igoerari ekin aurretik. Arantzazuk ez du onenen taldea zeharo hautsiko. Hasierako bost kilometroak gogorrak dira, baina azken bostak, nahiko etzanak. Ez da alde handi-handirik egiteko moduko mendatea.
Arratsaldeko erlojupekoak 9,3 kilometro ditu. Herriko kaleetan barrena egiten du bidea, ez du bihurgune gaizto askorik, baina Olalde auzoko aldapak erabakiko du. Estua da, eta hezea. 700 metro ditu, batez bestekoa % 12koa, eta aldapa bukatzeko gutxi falta dela, %17ko portzentajeko bihurgune itxia. Jaitsiera ere zitala da, segundo batzuk irabazteko modukoa. 10 kilometro baino gutxiago izan arren, 20-30 segundoko errenta irabaz daiteke erlojupekoan.
Euskal HErriko txirrindulari itzula
Danilo Di Lucak irabazi du Euskal Herriko itzuliaren lehen etapa
Euskal Herriko Txirrindulari itzuliko lehen etapa Zarautzen eta inguruetan korritu dute gaur. Faborito gehienak zeuden taldearen esprintarekin erabaki da etapa, eta Alejandro Valverdek irabaztea espero bazen ere, Danilo Di Lukak (Liquigas) aurrea hartu dio. Hala ere, Valverdek argi utzi du oso indartsu dagoela, atze-atzetik abiatu, eta hirugarren postuan amaitu baitu. Bigarren tokian Martin Perdiguero sartu da. Iban Mayoz (Relax Fuenlabrada) eta Carlos Zarate (Comunidad Valenciana) ihesean ibili dira denbora luzean, baina pelotoiak harrapatu egin ditu. Izan ere, bi txirrindulariak ez dira konpondu, eta behar adinako elkarlana egitea ezinezkoa izan zaie. Zaratek erasoa jo du, eta orduandik aurrera, Mayozek ez dio lehen bezela lagundu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu