Munduko Kopa 2014

Dantzariak eta filosofoak

Kolonbiak aise menderatu du Grezia, C multzoko lehen partidan (3-0). 

Kolonbia eta Greziaren arteko partida. DENNIS SABANGAN
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 14a
20:16
Entzun

Kilometro pila bat dago Kolonbia eta Greziaren artean. Geografiako datua objektiboa da. Gaur-gaurkoz, futbolean bi herrialdeen artean dagoen aldea ere ikaragarri luzea da. Mapa batean kokatuko bagenitu selekzioak, goian legoke Hego Amerikako taldea, azpian Europakoa. 3-0 menderatu du Kolonbiak Grezia, eta emaitzak berak oso garbi adierazten badu ere bien arteko aldea, baten jokoak eta proposamenak, eta bestearen ahalmen ezak are gardenago utzi dute Kolonbiak pusketa kentzen diola Greziari.


Dantzan jokatzen du Jose Peckermanen selekzioak. Kantuan. Koloretako selekzioa da, modernoa. Grezia zuri-beltzean bizi da, filosofoen garaian; pentsatu eta pentsatu egin behar zelaian erabaki bat hartu baino lehen jokalariek. Mantso, pentsakor. Beste era batera esanda, futbolaren hiztegia erabiliz: kalitate tekniko eta taktiko aberatsagoa dute dantzariek filosofoek baino.


Kolonbia baloiaren jabe egin da hasieratik, eta Greziak kontraerasoan atera nahi izan dio etekina. Horixe izan da bien estrategia. Bi taldeak heldu dira bi atezainen inguruetara hasiera horretan, bakoitzak bereari helduta. Baina ikusi da Kolonbiak baduela Greziak ez duen zerbait. Gehiago dela. Beste bizitasun bat. Batzuk korrika eta besteak oinez. Konturatzerako, gainera, Kolonbiak gola egin du, bosgarren minutuan. Selekzio horren jokoa zer den ondo azaltzen du: ezker hegaleko atzelaria, Armero, areako erdigunean azaldu da, kanpoaldetik, kanpotik barrurako mugimendua eginez, eta baloiari ondo jo ez arren, Greziako atzelari baten ukituak sarean sarrarazi du baloia.


Partida horren barruan, beste bat hasi da jokatzen orduan. Greziak hartu du baloia une batzuetan, eta Kolonbia jarri da kontraerasorako. Baloiaren jabe erabat deseroso greziarrak, eta nahikoa eroso kolonbiarrak. Asko esan nahi du horrek bi taldeen mailaren inguruan.


Bigarren zatian, Grezia gauza gehiago egiten hasi da. Biziago jokatzeko ahalegina egin du behintzat. Baina ez dio etekinik atera, nahiz eta langara ere bota duen baloi bat. Kolonbiak berean segitu du, alai, jostari, bizi. Geldikako jokaldi batean sartu dio bigarrena. Teo Gutierrezek egin du, 58. minutuan. Lehendik ere nahiko erabakita bazegoen partida, zer esanik ez gol horrekin. Gozatzen ari ziren kolonbiarrak, sufritzen greziarrak, ezinean. Hirugarren golak bien arteko aldeari errealitate kutsua eman dio. Merezi zuen bai gola James Rodriguezek, partidako jokalari onenak, eta lortu du saria, luzapeneko minutuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.