Espainiako Vueltako antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urtean Iruñetik aterako da Espainiako Vuelta. 1994. urtetik ez zen igarotzen itzulia Nafarroako hiriburutik; orduko horretan hamahirugarren etapa izan zen, eta Laurent Jalabertek irabazi zuen. Hurrengo egunean etapa Iruñetik atera eta Tony Romingerrek irabazi zuen.
Bihar Euskal Herrira itzuliko da Vuelta, hainbat urtez igaro gabe egon ondoren. Bilbon izango du etapa amaiera eta etzi, Gasteizen. ESAITek eta hainbat alderdik txirrindularitzaren alde baina inposaketaren kontra agertu dira egun hauetan, eta boikota egingo ez badute ere, protesta ekitaldiak deitu dituzte.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du Espainiako Vuelta Euskal Herritik igarotzea ez dela "inperialismo edo kolonialismo kulturala", eta horri kutsu politikoa ematea "diskurtso nazionalista areagotzen dutenek" eman diotela gaineratu du, "bere jarreraz eta identitateaz seguru ez daudenek".
Pastorren hitzetan Vuelta Euskal Herritik pasatzeak ez lioke inorri arazorik sortu behar. "Ziur nago bihar Vuelta ikusiko dugun bizkaitar eta bilbotar gehienok kirol ekitaldi bat ikustera eta horrekin gozatzera goazela, kutsu politikorik gabe".
Pastorrek esan du, gainera, hainbat urteetan Vuelta Euskal Herrian izan ez bada ETAren mehatxuengatik izan dela. "Horrek izan beharko luke Bildukoen kezka. Zergatik ez zen uzten mehatxuen bidez Vuelta etortzea?", galdetu du. Bihar Bilbon eta etzi Gasteizen amaitzea etapa bana normaltasun irudia dela esan du.
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak esan du Vuelta Euskal Herrian izatea "aspaldian kitatzeko zegoen zorra" zela, eta ez duela "espainiartzearekin" zer ikusirik.