Txirrindularitza / Euskal Herriko Itzulia

David Herrero irabazle gaur Vianan, esprintean

Bilbotarrak sasoian dagoela erakutsi du. Alberto Contadorrek segitzen du Euskal Herriko Itzuliko lider.

2008ko apirilaren 9a
17:33
Entzun
David Herrero (Karpin taldea) izan da gaur arratsaldean irabazle Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapan -Erandio-Viana (195 kilometro), esprintean. Aurreneko bi etapetan aurre-aurrean ibili da -hirugarren astelehenean eta atzo- eta gaur, garaile. Bilbotarra da hura, 1979an jaiotakoa; 2001ean egin zuen debuta, Euskaltel-Euskadin. Aurtendik ari da Karpinen.

Alberto Contadorrek (Astana) segitzen du itzulian lider, orain arteko alde berarekin.

Gaur ere ihesaldi luze bat izan da, Morris Possonik (High Road) eta Paul Martensek (Rabobank) egindakoa. 40. kilometroan egin dute ihes, eta sei minutuko aldea eduki dute gehienez. 152.ean Martens erori egin da, eta Possoni geratu da bakarrik. Tropelak, baina, Astana taldearen lanagatik, harrapatu egin du 182.ean.

Geroztik izan dira ihes egiteko saio batzuk, baina tropela esprintean iritsi da. Herrero irabazle. Profesionaletan bederatzigarren garaipena du; aurrena Euskal Herriko Itzulian. Luis Leon Sanchez (Caisse D'Epargne) izan da bigarren gaur, Paolo Bettini (Quick Step) hirugarren -atzo ere bai-.

Bihar korrituko dute itzuliko laugarren etapa: Viana-Gasteiz, 168 kilometrokoa. Mendateak, hurrenez hurren: Herrera (1. mailakoa), Zaldiaran (3.), Vitoria (3.), San Martin Zar eta Zaldiaran bestaldetik (2.; 158. kilometroan). 12:55ean abiatuko dira Vianatik eta, aurreikuspenen arabera, 17:07an helduko dira Gasteizera.

Larunbat arratsaldean bukatuko da itzulia, Orio-Orio 20 kilometroko erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.