Klub batek jokalari bati egin diezaioken aitortzarik handienetakoa egingo dio Manchester Cityk David Silvari. Datorren larunbatean, Cityren eta Arsenalen arteko neurketaren aurretik, jokalari kanariarraren estatua bat inauguratuko dute Etihad estadioaren kanpoaldean, Manchesterren (Erresuma Batua). Silvak Citytik alde egin zuenean erakutsi zuen klubak estatua hori ipintzeko asmoa, eta aste honetan beteko du emandako hitza.
Egun Realeko jokalari denak hamar denboraldi egin zituen Manchesterren. Klubaren historiako garairik oparoena izan da, eta Silvarekin batera aro horren ikur izan den Vincent Kompany atzelariaren estatuarekin bat inauguratuko dute kanariarrarena.
Klubak beste estatua bat ere jarriko du: Bartzelonak fitxatu berri duen Sergio Kun Aguerorena. Silvak, ordea, ezingo du inaugurazio ekitaldira joan, Realarekin larunbat honetan bertan ligako hirugarren jardunaldia jokatu beharko duelako Donostian, Levanteren aurka.
Manchester Cityk zabaldu duen irudia Kompanyren eta Silvaren omenaldia iragartzekoBERRIA
Hala ere, esker ona azaldu du Silvak: «Polita da halako aitortza bat jasotzea, betirako hor egongo den zerbaiten bidez. Badakit nolako garrantzia duen leku horretan estatua bat izateak. Gustatuko litzaidake nire familiak eta nire semeak ikustea, eta Manchesterren oroitzapen eder bat izatea», adierazi du.
Andy Scott artista eskoziarrak egin ditu Silvaren eta Kompanyren estatuak. Aitortu du lan zaila izan dela, are eta gehiago COVID-19ak baldintzatutako garaiotan: «Ezin izan naiz jokalariekin presentzialki bildu, eta une oro telematikoki eutsi behar izan diogu harremanari. Pixkanaka eraiki dugu elkarrekiko konfiantza», azaldu du.
Arabiarren proiektuaren ikur
Egungoaren aurretik izan zuen aro on bat Manchester Cityk, 1960ko hamarkadaren amaiera aldera: Premier League bat eta Europako Errekopa bat irabazi zituen klubak garai hartan. Ordutik, ordea, arazo ekonomiko larriak izan dira taldearen ibilbidearen ezaugarri nagusia.
Hori, 2008an Arabiar Emirerri Batuetako inbertsio talde bat heldu zen arte. Haiek berehala hasi ziren goi mailako jokalariei eskaintzak egiten, eta hala heldu zen 2008an bertan Robinho Real Madriletik. Ordura arte Ingalaterrako Ligan sekula egin zen fitxaketarik garestiena izan zen —40 milioi euro inguru ordaindu zituen Cityk—. Halere, denboraldi hartako liga hamargarren amaitu zuen taldeak.
Hurrengo udan, berriz, 150 milioi euro gastatu zituen taldeak fitxaketetan, eta hala heldu ziren Adebayor, Tevez, Lescott, Kolo Toure eta beste hainbat jokalari. Urtebete geroago heldu zen taldera Silva, Espainiarekin munduko txapeldun izan berritan. Ordutik, 2020ra arte, lau Premier League (2012, 2014, 2018 eta 2019, bi FA Cup (2011 eta 2019), bost Ligako Kopa (2014, 2016, 2018, 2019 eta 2020), eta hiru Community Shield (2012, 2018 2019) irabazi zituen Silvak citizen-ekin. Kapitain ere izan zen.