Ez dute zerikusi handirik 2009-2010eko eta aurtengo sasoiko Baionak. Alta, jokalariak ikusiz, bizkarrezurra antzekoa da: Elhorga, Mazars, Lacroix, Linde, Martin, Puricelli... denak Baionako jokalariak ziren lehendik, eta hasierako hamabostekoan erregularki azaltzen segitzen dute. Alta, aldaketa begibistakoa da.
Alde ederra dago, izan ere, zelaian Bigarren Mailara jaitsi zen eta bulegoetan postua irabazi zuen Baionaren eta orain arte bikain ari den taldearen artean. Egitura bera izanik ere, hainbat aldaketa txiki gertatu dira Errobi eta Aturri bitartean. Kanpoko begi batek nekez ikusiko dituen aldaketak, baina zelaian emaitza bikainak ematen ari direnak. Goi mailako kirolean, deabrua detaileetan dago.
1. Gajanek, eskuak libre
Iragan sasoian, suhiltzaile lanak egitera etorri zen Christian Gajan. Minduta zegoen talde bat topatu zuen Baionara iristean, eta bakarrik eraman zuen taldearen karga bizkar gainean. Sasoi honetan egoera desberdina izan da: «taldea nahi nuen modura egiteko xantza izan dut. Orain konfiantza horri ihardetsi beharko diot», zioen Gajanek berak sasoia hasi baino lehen. Baionako kirol zuzendariak bere gisan eraiki du taldea, prestatzaileen taldetik hasita. Aitzinekoentzat Thomas Lievremont ekarri du, eta gibelekoak zuzentzeko, harrobian ari zen Fred Tauzin inposatu du, kanpoko pistei muzin eginez. Oraingoz, ederki ateratzen ari zaio parioa Gajani.
2. Fitxaketa onak
Christian Gajanen ekarpena ez da bakarrik prestatzaileen artean ikusten. Kirol zuzendariak aurtengo fitxaketak zuzendu ditu, eta berak nahi zituen jokalariak ekarri. Gajanek ongi ikusi zituen taldearen gabeziak, eta haren fitxaketak zulo horiek betetzeko asmoz egin ditu. Aspaldiko partez, jokoa zuzentzeko eta ostikoak jotzeko gai den goi mailako zabaltzailea ekarri du Benjamin Boyetekin. Uztartze erdian ere lehia gehiago lortu du Gartziari pisuzko aurkaria ekarriz: Julien Audy. Gibelean ederki bete du Benjamin Fall iazko entsegugile onenaren hutsunea, bere jokoarekin ustekabekoa ematen ari den Yoann Huget Agenetik fitxatuz.
Aitzinean ere gabezia handiak zituen Baionak. Uztartzearen pisua bizkar gainean eramanen zuen eskuineko harroin bat falta zitzaion. Clement Baioccok betebehar hori bikain bete du orain arte. Tonga Lea'Aetoak ere beste aukera bat ematen dio taldeari. Gabezia handiena, dudarik gabe, bigarren lerroan zegoen. Hiru jokalari etorri dira postu horretan jokatzeko. Eskasetan iaioa den Treloarren ondoan, fisikoki indar gaitza duten Flavell eta Boutaty erantsi behar zaizkie. Indar osagarri horrek on egin dio Baionari. Uztartzeetan ez du hainbeste sufritzen, baloia irabazteko borrokan sudurra sartzen du, eta Boutaty denboraldiko errebelazioa da.
3. Sasoi hasiera ona
Top14an berdintasuna da nagusi. Edozeinek edozeini irabazi diezaioke, eta urtez urte gora eta gora doa talde guztien maila. Hori kontuan harturik, ezinbestekoa da denboraldia ongi hastea: «Dinamika ona hartu dugu, eta beti da errazago lan egitea asteburuan irabazi baldin baduzu», aipatzen du Remy Martin hirugarren lerrokoak. «Goi mailan konfiantza ezinbestekoa da. Alde horretatik, jokalariak oso ongi ikusten ditut. Iaz beldurrarekin ari ziren, aurten gauza onak egiteko gogoarekin»,nabarmendu du, bere aldetik, Christian Gajanek.
Egia da Baionari mesede handia egin diola lehen jardunaldian Toulonen irabazteak. Presioa kendu dio horrek, eta etxeko partida guztietan nagusitu da ondoren. Oraingoz pattal dabilen Bougoini irabazita, abantza hartu du sailkapenean, eta orain partidak lasaiago jokatzen ditu. Iragan sasoian hil edo bizi ari zen; urduri. Orain, berriz, presiorik gabe, eta kolpea emateko asmoz.
4. Oinarrietan sendo
Fitxaketen ekarpenak baliatuta, eta lehenagoko jokalarien mobilizazioari esker, Baiona jokoaren oinarrietan bereziki sendo dabil. Iragan sasoian, behin baino gehiagotan baloia ukan, baina puntuak sartzen ez zuen asmatzen. Orain, berriz, eraginkortasun handia erakusten du, Boyet, Gartzia eta Audyren zangoei esker -%80ko erreusitze tasa dute ostikadetan baionarrek-. Defentsan ere, elkartasun handia eta antolaketa ona erakutsi du orain arte. Larri dabilenean, bizkarra makurtu baina eusten jakin du, eta hori oso garrantzitsua da garaipenak ihes egiten ez uzteko.
5. Umiltasuna ardatz
Zazpi jardunaldiren ondotik Baionak eman duen itxurak laudorio anitz eragin ditu. Iragan sasoikoa, baina, jokalari guztien buruan dago, eta denak oso umil mintzo dira: «Badakigu nondik heldu garen. Urria hasiera pasatu eta gero jakinen dugu zertan garen», zioen Pepito Elhorga kapitainak Clermonti irabazi berritan. Baionarrek burua hotz mantendu nahi dute. Iragan sasoian galdutako sinesgarritasuna berreskuratu nahi dute. Top14a hasi baizik ez da egin, eta hurrengo bi partida bihurriak, Perpinya eta Miarritzeren kontra etxean,azterketa ona izanen dira.
Deabrua detaileetan dago
Iragan sasoian postuari bulegoetan eutsi ondoren, sasoi hasierako sorpresa gozoa izaten ari da Baiona. Gauza txiki anitz aldatu ditu, eta horrek azaltzen du hobekuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu