Sainduak kostata aurkituko du eliztar fidelagorik. Urtez urte, Aimar Olaizola beti hor dago, Sanfermin egunean, feriako egunik handienean, Labriten. Nafarren lau t'erdikoan inor gutxi bezala konpontzen da, eta etzi goizean berriz ere han egongo da. Bosgarren aldiz jokatuko Sanfermin eguneko finala, eta gaur ezagutuko du bere aurkaria.
Olaizola II.a arazo handirik gabe sailkatu zen atzo finalerako. Kaiola jokora egokitzeko betarik izan ez duen arren, Goizuetakoak lau t'erdiko txapeldun zergatik den erakutsi zuen, eta Iker Arretxek ezer gutxi egin ahal izan zuen. Kolore gutxiko partidan batean Olaizolaren bost hutsengatik izan ez balitz, saketik eginiko falta eta pasa bana barne, aldea askoz handiagoa zatekeen.
Olaizolak ondo ekin zion partidari, 8-3 aurreratuz. Arretxe partidako tanto onenekin suspertu zen, 8-6ra hurreratzeraino. Orduan, baina, zaintiratu txikia izan zuen gerrian, eta arazo fisikoek bi pilotarien arteko aldeagehiago zabaldu zuten. Olaizolak sakea hartu eta eta partida hautsi zuen (15-6). Goizuetakoak bikain jokatu zuen, kontrarioa frontisetik urrundu eta tantoa zehatz bukatuz. Lau t'erdiko txapeldunak entrenamendu bikaina izan zuen etzirako, ziurrenik partida askoz gogorragoa jokatu beharko baitu.
Irujo edo Ongai
Juan Martinez de Irujok eta Albero Ongaik Aspeko adarreko finala jokatuko dute gaur, Zarautzen (17:00, ETB1), eta irabazleak Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du astearteko finalean. Ongai herenegun sailkatu zen, Mikel Beroizi Oteitzan 22-14 irabazita. Beroizek eskua mindu zuen, baina ez dirudi larria, eta bihar proba bat egingo du ferian jokatzeko.
Olaizola II.a 22
Arretxe II.a 9
Iraupena. 33 minutu.
Pilotakadak. 204.
Saketik. Olaizola II.ak 3 eta falta bat; Arretxe II.ak 2.
Pasak. Olaizola II.ak bat.
Markagailua. 0-1, 1-1, 3-1, 3-3, 8-3, 8-6, 15-6, 15-7, 17-7, 17-8, 20-8, 20-9 eta 22-9.
Bestelakoak. Ikusle andana Iruñeko Labriten. Apustuak nabarmen irten ziren Olaizola II.aren alde.
Debozioa da hori
Aimar Olaizola jaun eta jabe izan da Labriten, eta Sanfermin torneoko finala jokatuko du bosgarren aldiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu