Erakustaldia egin du Deceuninck taldeak Itzuliko lehen ihesaldi arrakastatsuan, Ondarroako helmugara elkarri helduta iritsi baitira Mikkel Honore eta Josef Cerny. Danimarkarra iritsi da aurretik, eta hala, harentzat izan da garaipena lasterketako bosgarren etapan. Deceuninckeko txirrindulariek bere legea ezarri du tropeletik ihes egin duen seikotean. Urkaregin multzoa aletu, eta Mutrikun bakarrik gelditu dira. Liderrentzat, berriz, trantsizio eguna izan da, eta inongo arazorik gabe eutsi dio lidergoari Brandon McNultyk (UAE).
Gaurkoa etaparik aproposena zen etapa ehiztarientzat, eta etapa hasi berritan, maila handiko ihesaldia osatu dute Honorek, Cernyk, Ide Schellingek (Bora), Julien Bernardek (Trek) eta Andrey Amadorrek (Ineos). Zarautz inguruan Andreas Leknessund (DSM) batu zaie. Gonbidatutako taldeek ezin izan dute ordezkaririk sartu aurrean, edo ez dute nahi izan. Caja Ruralek eta Euskaltel-Euskadik, adibidez, esprintaren alde egin dute apustu, Mikel Aristi eta Jon Aberasturi garaipenaren lehian sar zitezkeelakoan.
Jakitun ziren tropelean aurreko seikotearen ahalmenaz, eta ez diote utzi hiru minututik gorako aldea hartzen. Ihesaldia, edonola, lanak emateko pronto zegoen: 1.30eko errentari eusten zion Hirugarren Mailako Mendexa eta Gontzagaraigana igaro ostean. Nekez hurbiltzen zitzaion tropela.
Urkaregira bidean hasi da benetako sokatira. Aurrekoen erreleboak bizi-biziak ziren ordekan, eta handitu egin zuten zuloa. Igoeran, berriz, soka bere aldera eraman du tropelak: minutuko langa apurtu du. Egoera horretan, beren kabuz aurrera egiten saiatu dira Deceuninckeko bi iheskideak, eta ahalegin agonikoa egin ondoren, haien gurpilera iritsi da Bernard.
Beherakoan, tximista bezala irten dira atzetik Alex Aranburu eta Omar Fraile (Astana). Haatik, ordekara iristean, apenas lortu duten lasterketa burura hurbiltzea. Hirukotea hegan zihoan aldeko haizearekin. Deceuninckeko txirrindulariak indar handiz ari ziren tira egiten gurditik. Astanako bikoteari, aldiz, agortuz joan zaio erregaia. Bost kilometroren faltan harrapatu du multzo nagusiak.
Etapa aurrean zegoen. Minutu bateko aldearekin iritsi dira iheslariak Mutrikura. Han erasoa jo du Honorek, malda baliatuz, eta gero Cerny batu zaio, Bernard atzean utzita. Batera iritsi da Ondarroara Deceuninckeko bikotea, eta Honorek zeharkatu du helmuga aurrena. Hamazazpi segundora iritsi da Bernard, eta 28ra tropela, Impey buru. Ez da euskal herritarrik izan etapako aurreneko hamar sailkatuen artean, lasterketa hasi zenetik lehendabizikoz.
Bihar erabakiko da Itzulia, Ondarroa eta Arrateko santutegiaren artean jokatuko den 111,9 kilometroko etapa labur eta gogorrean. Zazpi mendate igo beharko dituzte; tartean, Lehen Mailako Azurki, Krabelin eta Usartza. McNultyk 23 segundoko abantaila defendatu beharko du Primoz Roglicekin (Jumbo). Hirugarren postuan Jonas Vingegaard (Jumbo) iritsiko da, 28 segundora; eta laugarrenean Pello Bilbao (Bahrain), 36ra.
Bosgarren etapa
1. Mikkel Honoré (Deceu.) 3.39.54
2. Josef Cerny (Deceuninck) d.b.
3. Julian Bernard (Trek) 17ra
4. Daryl Impey (Israel) 28ra
5. Simon Clarke (Qhubeka) d.b.
6. Stefano Oldani (Lotto) d.b.
7. Primoz Roglic (Jumbo) d.b.
8. Julien Simon (Total) d.b.
9. Magnus Cort Nielsen (E.F.) d.b.
10. Tadej Pogacar (UAE) d.b
Sailkapen nagusia
1. Brandon McNulty (UAE) 16:05:43
2. Primoz Roglic (Jumbo) 23ra
3. Jonas Vingegaard (Jumbo) 28ra
4. Pello Bilbao (Bahrain) 36ra
5. Tadej Pogacar (UAE) 43ra
6. Adam Yates (Ineos) 1.02ra
7. Emanuel Buchmann (Bora) 1,07ra
8. Alejandro Valverde (Movistar) 1:13ra
9. Ion Izagirre (Astana) 1:15era
10. Mikel Landa (Bahrain) 1:23ra