Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (18), Warren (20), Mumbru (6), Mavroeidis (6), Banic (10) —hasierako bostekoa—; Fisher, Vazquez, Hernandez-Sonseca (3), Hervelle (8), Vasileaidis (12) eta Blums (2).
Granada. Gianella (13), Stefansson (10), Karl (7), Lima (6), Prestes (9) —hasierako bostekoa—; Fernandez, Hernandez, Samb (11), Guerra (6), Manzano (3) eta Freire (3).
Markagailua. 21-11, 37-26 (atsedenaldian); 54-41 eta 85-68.
Epaileak. Hierrezuelo, Sanchez eta Sanchez. Granadako Sam kanporatu zuten (38. min.).
Bestelakoak. 7.831 ikusle Bilbo Arena pabiloian.
Bilbo Basketek lasaitasuna irabazi du. Hala izan zitekeela jakina zen, Granada azken sailkatua zetorrelako bisitan Miribillara, baina partida bat baino askoz gehiago irabazi zuen Bilbo Basketek. Joko ona egin zuen Katsikarisen taldeak ia beti, eta bere defentsa onean sinetsi berriro. Granadak zailtasun franko izan zuen eraso gehienetan, eta saskiraketa erraz gutxi egin zituen. Erasoan ere txukun aritu ziren bizkaitarrak. Bikoetan %65 saskiratu zuen, eta hirukoetako portzentajea kaskarragoa izan bazen ere, hiruko horiei esker hautsi zuen partida azken laurdenean Bilbo Basketek. Granada zortzi puntura hurbildu zenean, hain zuzen ere.
Hori baino lehenago hasi zen egurrean Bilbo Basket. Hasi eta berehala, hain zuzen ere. 9-2, 15-4 eta 20-9 aurreratu zen. Chris Warren hegalekoa izan zen onena tarte horretan. Beltzezkoak oso baldar hasi ziren hirukoen alorrean, jaurtitako lehen hamarrak kale egin baitzituzten. Eskerrak bikoetan %60tik gora ari zirela, eta eskerrak Granada ezinean ari zela alor horretan: 20 jaurtiketatik lau bakarrik asmatu zituen.
Bi taldeen arteko aldea 10 puntu horien inguruan egonkortu zen bigarren laurdenean, eta 11 puntuko alde erosoa zuen Bilbo Basketek atsedenaldian: 37-26. Bigarren zati lasaia espero zen, baina Granadak partidan sartzea lortu zuen Mahmadou Samb pibotaren eskutik. 48-41 hurbildu zen 27. minutuan, baina orduan Kostas Vasileiadis agertu zen, mikrouhin lana egin eta hotz dagoena aitaren batean berotzen duen jaurtitzaile trebea. Bi hiruko saskiratu zituen jarraian, eta berriro 15 puntuko alde lasaia eman bere taldeari.
Bost hiruko hiru minutuan
Granadak bere azken ahalegina egin zuen, eta berriro zortzi puntura hurbildu zen: 56-48. Eta berriro, hirugarren laurdeneko erantzun bera. Bost hiruko saskiratu zituen Bilbo Basketek 32. eta 35. minutuen artean, eta 20 puntuko zulo estaliezina ireki. Zazpi hiruko saskiratu zituen zazpi minutuan Bilboko taldeak, eta partida osoan, zortzi. Halako indar erakustaldia ikusita, belaunikatu beste erremediorik ez zuen bilatu Granadak. Tarte horretan, lau hiruko saskiratu zituen Vasileiadisek, bi Aaron Jacksonek, eta beste bat Chris Warren herrikideak.
71-48 ihes egin zuen etxeko taldeak, eta ez zen ikusminik izan azken minutuetan. Granada bere ezinean ito zen, LEB liga saihesteko zirrikitua gero eta txikiagoa dela ikusten duen taldearen ezina. Aaron Jackson izan zen partidako jokalaririk onena. 18 puntu sartu zituen, bost errebote jaso eta beste hainbeste asistentzia eman. 28 puntuko balorazioa lortu zuen, eta litekeena da jardunaldiko jokalaria izateko borrokan sartzea. Aipatzeko modukoak dira, era berean, Warrenen 20 puntuak, eta Marko Banicen 10 puntu eta zortzi erreboteak. Estatistikak ez du zalantzarako tarterik uzten: 100 puntu batu zituen Bilbo Basketek, eta Granadak 65 bakarrik.
Granada menderatuta, 16. partida irabazi du Bilbo Basketek, eta gaurko emaitzen arabera, hirugarren postua erdiesteko borrokan egongo da. Irabaztea garrantzitsua da, Katsikarisen taldeak egutegi zaila baitauka hurrengo asteetan. Hurrengo larunbatean Bartzelonaren aurka jokatuko du Kataluniako hiriburuan. CAI Zaragoza hartuko du ondoren Miribillan, eta apirilaren 17an euskal derbia jokatuko du Baskoniaren aurka Gasteizen. Atzo bezala, etxean sendo egotea funtsezkoa izango da.
Bizkaia Bilbo Basket 85. Granada 68
Defentsa eta hirukoak
Bilbo Basketek eroso menderatu du Granada, eta 16. partida irabazi; zazpi hiruko sartu ditu 28. minututik 35.era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu