Estudiantes 54. Caja Laboral Baskonia 74

Defentsa zorrotza eta hirukoen portzentaje onei esker nagusitu da Caja Laboral

54 puntura mugatu dute gasteiztarrek Estudiantesen jarduna, eta hamabi hiruko sartu dituzte

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Asefa Estudiantes. Fernandez (2), Flores (8), Wright (6), Clark (3), Simmons (9) —hasierako bostekoa—; Driesen (2), Jimenez, Granger (5) eta Gabriel (19).

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Oleson (16), Nemanja Bjelica, Teletovic (5), Seraphin (10) —hasierako bostekoa—; Ribas (2), Milko Bjelica (6), San Emeterio (21), Heurtel (14) eta Dorsey.

Markagailua. 11-19, 29-34 (atsedenaldian); 41-48 eta 54-74.

Epaileak. Garcia Gonzalez, Jimenez eta Soto. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 10.500 ikusle inguru Madrilgo Autonomia Erkidegoko pabiloian.

Caja Laboral Baskoniak ligako seigarren garaipena lortu du, eta zalantzak uxatuz. Tarteka desagertu egiten da kantxatik, baina lanerako jantzia jartzen duenean, talde menderakaitz bihurtzen da. Hori egin zuen atzo, eta defentsa lan bikaina egin: 54 puntutan utzi zuen Estudiantes, eta, hirugarren laurdenean izan ezik, hamabost puntutik behera utzi zuen aurkaria laurden guztietan. Jokalari guztien meritua izan zen, baina batez ere pibotena. Milko Bjelicak minutu onak jokatu zituen, eta Seraphin-Dorsey bikoak ere bai, laugarren laurdenean, partida erabaki zenean.

Etxe sendoa eraikitzeko lehen oinarria defentsa zorrotza da, eta eraso jokoan norberaren baliabideei etekina ateratzea. Hirukoetan ondo moldatzen den jokalari sorta ona du Baskoniak, eta agerian geratu zen atzo hori, San Emeteriok bost eta Heurtelek lau lortu zituztelako. Itzali samar ibili ziren Teletovic eta Pau Ribas, taldeko hiruko jaurtitzaile onenak, baina Olesonen jarduna ere erabakigarria izan zen, lehen laurdenean, batez ere. Hamasei puntu sartu zituen guztira Alaskakoak.

Bukaeran hogei punturena izan zer aldea, baina irabaztea ez zen hain erraza izan. Estudiantesek %30 bakarrik asmatu zuen jaurtiketetan, baina zonakako eta kutxa gehi bat defentsa erabili zituen Baskonia itotzeko. Heurtelek lau hiruko errenkadan sartu zituen arte iraun zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.