Eskua altxatuta, erabat haserre Nacer Bouhanni frantziarra (FDJ.fr), eta, esprint bete-betea eginda, bigarren egunez garaipenarekin gozatuz John Degenkolb alemaniarra (Giant Shimano). Espainiako Vueltako bosgarren etapan buruz buruko polita eduki dute lasterketako bi esprinter nagusiek, baina, Bouhanniren kexa gorabahera, nagusitasunez irabazi du etapa Degenkolbek —eskuinera egin du esprintean, baina lege onez irabazi du—. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Michael Matthewsek (Orica) jarraitzen du lider.
Bezperan baino freskoxeago baina 34 gradurekin, Pim Ligthart (Lotto) eta Tony Martin (Omega) joan dira ihesean etapa hastearekin batera, baina Giant Shimano eta FDJ.fr taldeen lanaren eraginez, aldea une bakar batean ere ez da igo lau minututik gora. 100. kilometrora iritsita, amore ematea erabaki du Tony Martinek, eta helmugarako 32 kilometro falta zirela eman du amore Ligthartek. Ordurako egurrean zebilen Tinkoff-Saxo. Helmugarako 40 kilometro falta zirela haizerekin jolasean hasi, eta mila zatitan txikitu du tropela.
Movistar Tinkoffekin elkarlanean zela, egurrean igo dute El Saltillo hirugarren mailako mendatea. Amets Txurruka (Caja Rural) buruan igaro da mendiko pankartapetik, eta atzetik zetozen tropeltxoek beherakoan bat egin dute tropel nagusiarekin. Sky, BMC, Caja Rural... Talde asko agertu dira tropel buruan azken kilometroetan, baina, bezperan egin bezala, potentzia handiarekin nagusitu da esprintean Degenkolb.
Benalmadenan hasi eta La Zubian amaitu, mendiko lehen etapa serioa jokatuko da gaur. 167,1 kilometro dauzka etapak, eta hirugarren mailako mendate bat, bigarren mailako beste bat eta La Zubia lehen mailakoa igo beharko dituzte txirrindulariek, helmugara bidean azken hori. Bost kilometroko igoera da, eta %9,5eko batez besteko aldapa dauka.