Berotan urtu beharrean ibili da, berriz ere, tropela Andaluziako errepideetan, Espainiako Vueltako laugarren etapan, eta John Degenkolbek (Giant-Shimano) potentzia erakustaldi ederra eman du azken metroetan, esprintean. Gogor samarra zen ibilbidea, Catorce por Ciento bigarren mailako mendatea zegoelako helmugara iristeko 27 kilometro eskas falta zirenean. Ordurako Javier Aramendia (Caja Rural), Gert Joeaar (Cofidis), Sebastien Turgot (Ag2r), Jimmy Engoulvent (Europcar) tropelean zirela, Amets Txurrukak (Caja Rural) jo du erasoa San Jeronimo hirugarren mailako mendatean gora, eta, Engoulventekin batera, bizkaitarra saiatu da tropelaren oreka hausten.
Baina atzean lanerako zeuden Sky eta Saxo, eta mugimendu serioak izan dira Catorce por Cienton gora. Alejandro Valverde (Movistar) mugitu da zatirik gogorrenean, eta Romain Sicard (Europcar), Adam Yates (Orica) eta Winner Anacona (Lampre) gurpilean zituela, laukote indartsua sortu da aurrean. Alferrik, ordea. Katuxak, Skyk eta Oricak gertutik zaindu dute Valverderen mugimendua, eta tropela bat eginda iritsi da azken metroetara. Esprinterretako asko atzean geratuta zeudela, oso eroso irabazi du etapa Degenkolbek.
Priego de Cordoban hasi eta Rondan amaitu, bosgarren etapa jokatuko da gaur (180 km), esprinterrentzat apropos-aproposa.