Zaharrak berri. Dagoeneko ikusitako zerbait definitzeko erabiltzen dira frantses hizkuntzako bi hitz ezagun horiek. Aditu zenbaiten arabera, déjà vecu esatea egokiagoa da (lehenago bizi izandakoa). Kontua da azken jardunaldian hiru euskal taldeekin gertatutakoa ez zaigula berria egiten. Iraganean antzeko zerbait gertatu dela etortzen zaigu berehala burura. Lagun Arok huts egin behar ez denean huts egitea, adibidez. Aurreko sasoian Fuenlabradan, Espainiako Kopan sartzeko aukera zuenean; orain etxean, Alacanten aurka, Kopa esku-eskura zuenean. Zer esan Bilbo Basketi buruz, irabazita zeukan norgehiagoka oparitu baitzion Bartzelona ahaltsuari, urrian Real Madrilekin gertatu bezala, igual-igual. Baskoniaren déjà vu-a azken bi hilabeteko jardunari dagokio. Hutsak partidaz partida errepikatzen direlako, eta norabidea zuzentzeko zirrikiturik ez delako ikusten. Trantsizio urtea ote? Kopak eta Top16ak esango digute, baina ez harritu hala bada.
Bi partida, bi kolpe. Horietako bat irabazi arren. Baskoniak Manresa menderatu zuen etxean joan den asteazkenean, baina ez zuen batere ondo jokatu. Herenegun ere gaizki aritu zen, baina talde sendoago baten aurka, eta galdu egin zuen, noski. Ernegatzeko modukoa da nola aldatzen den taldea laurden batetik bestera, ez baita ulerterraza hamar minutuan hamabi puntu bakarrik hartzea eta hurrengo hamar minutukoan 29! Partida bukaeran gertatutakoa tragikomedia baten antzekoa da. Baskonia ez zen puntu bakar bat sartzeko gai izan azken hiru minutuetan, baina hori baino okerragoa da eraso guztietan baloia galdu zuela. Horrek arazoa handia dela esan nahi du. Huertas, Teletovic eta San Emeterio leher eginda iristen dira partida bukaerara, eta ezin dute euren onena eman. Baracek aulkitik ikusten ditu partida bukaerak, faltengatik. Pau Ribasek eta David Loganek ere bai, baina haiek kantxaratzen diren aldiro zama handia eragiten diotelako taldeari. Krisia dago Gasteizen, eta konponbide zaila dauka.
Muturrekoa Illunben. Eta mingarria, errazena zirudien norgehiagoka galdu zutelako eta Kopako ametsak Donostia eta Gipuzkoatik ihes egin duela dirudielako. Txus Bidorretak erakutsi zuen Pablo Laso eta Lagun Aroren jokoa bikain ezagutzen dituela, eta erakustaldi taktikoa eman zuen, Salgado, Panko eta Doblas guztiz ezeztatuz. Baronekin ere saiatu zirela esan zuen. «Baina Baronek esku miragarria dauka, eta beti azaltzen da». Atentzioa eman zuten Pablo Lasoren esanek prentsa aretoan. Jokalari baten edo batzuen frustrazioak ezin omen du talde osoa kutsatu. Lau aldiz esan zuen Lasok frustrazio hitza, eta garbi geratu zen prentsaren bitartez mezu hori helarazi nahi zuela. Mezua norentzat zen, ordea, ez zuen esan, baina Illunbera joan zenak badaki norentzat zen: Andy Pankorentzat aurren-aurrena, eta Salgado eta Doblasentzat ondoren. Baina Pankorentzat batez ere. Estatubatuarra aulkian zegoela eztabaida bizia izan zuen Lasorekin, denek ikusteko moduan.
40 minutu. Edo partida bat. Partida oso batek eman edo kentzen duelako eta jokaldi on edo txar pare bat nahikoak direlako balantza alde batera edo bestera desoreka dadin. Bizkaia Bilbo Basketek erabaki okerrak hartuz galdu zuen Bartzelonaren aurkakoa, baina aintzat hartu behar da parean zuen taldea Europako txapelduna dela. Min egiten du 90 segundo falta zirela bost puntuko aldea eta jabetza eduki ostean azken jokaldian aurkariak saskiratze erabakigarria lortzea, baina norbaitek hori egin badezake, Bartzelona da. Alan Andersonek astebete eskas darama Bartzelonan, baina milaka dolar balio duen jokalari bat da, eta Bilbon egin zuena egiteko fitxatu zuten: partidak irabazteko. Jokaldi pare baten bueltan, Bilbo Basket sekulako marka lortzeko zorian geratu da: Real Madril, Baskonia eta Bartzelona mendean hartzea Bilbon. Ez da posible izan, baina ez da urruti ibili. Igandean Miribillan egindako defentsa bikaina egiten jarraituz gero, Kopa jokatuko du ziur Katsikarisen taldeak.
Zonakako defentsa
'Déjà vu'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu